Osatu da Korrika Batzordea Ordizian

Ordizian bertan

Asteartean aurkeztu da Ordizian 17. Korrika, eta aurkezpenarekin batera Ordiziako Korrika Batzordea osatu da. Guztira 22 herritar bildu dira hainbat ikastetxe eta eragileren izenean, eta aurrerantzean Batzordearen lanak aurrera eramateko printzipioz asteartero, 18:00etan Barrenako 7.gelan, biltzekotan geratu dira.

 

Aurreko edizioak Ordizian benetan arrakastatsuak gertatu dira, bai arlo ekonomikoan, eta baita parte hartze eta ospakizun mailan ere. Ziur aurtengo Korrika ere halaxe izango dugula. Jakina, horretarako guztion elkarlana eta parte hartzea beharko du. Animo euskalakariok!

Goierriko AEKren bloga htt/p//goiztiri.blogspot.com

Aurkezpen bileran aurreko edizioaren hainbat datu eman dira, eta 17.a izango den aurtengoaren inguruko datu nagusienak ere eman dira: apirilaren 7an emango zaio hasera Trebiñun, eta 17an amaituko da Donostian; Ordiziatik apirilaren 13an igaroko da, eguerdi partean; edizio honetako omendua Euskaltzaindia izango da; leloa “maitatu, ikasi, ari… euskalakari” izango da (euskalakaria euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen duena da, euskaraz bizi dena)…

Egin beharreko antolaketa eta laguntza lanei dagokionean, batzordearen bileratan erabaki eta banatuko dira. Oro har, bi arlotan banatuko dira egitekoak. Batetik, arlo ekonomikoa izango dugu (kilometroen salmenta, Korrika lagun, Korrika laguntzaile, kuestazioa eta material salmenta…). Eta bestetik, kultur eta festa ekitaldien antolaketa (Korrika txikia antolatu, Korrika Kulturalaren egitaraua prestatu, eskualdekok bazkaria Ordizian…).