Maiatzeko hauteskundeei begira herri-programak osatzen

EH ezkerretik eraikiz

ZURE AHOTSA, GURE HITZA. Bizi dugun egoera politikoan ahotsa indartu eta hitza berreskuratzeko garaia heldu da. Egia da ukazio eta salbuespen politikoaren egoera gogorrenetan ere, ez dutela Euskal Herriaren eta herritarren ahotsa isiltzerik lortu. Baina ahots hori hitz bihurtzea galarazi dute. Batetik, “demokrazia”, “parte hartzea”, “eskubideak”, “kohesio soziala”, “justizia”, “ingurumenaren babesa”… eta beste hainbat hitz edukiz hustu dituztelako. Eta bestetik, herritarren hitza bahituta eta ukatuta izan dutelako, herritarrei eta Euskal Herriari galarazten modu librean erabaki dezaten beren etorkizuna.

Ordizian zure ahotsa behar dugu. Parte hartu herri programaren lanketan. Urte luze hauetan begi bistan geratu da estatuaren estrategia ahotsa ito eta hitza ukatzea izan dela, garbi ikusi baitute zein arriskutsu diren beren asmoetarako. Eta estrategia hori udaletara ere ekarri dute. Ordizian bertan, zortzi urte luzez egon da ordiziarren hitza udalean eta, neurri handi batean, kalean ere debekatuta. Eta egoera horretaz baliatu dira modu ez demokratikoan eta herritarrei bizkarra emanda, hainbat eta hainbat neurri hartzeko. Beti ere kontrol politiko eta sozialik gabe, gardentasunik gabe, inori konturik eman gabe, jakitun lapurtutako gehiengo horrek aukera, ez legitimitatea, ematen zietela beren asmoekin edo ezintasunekin aurrera jotzeko. Horretaz baliatu dira Oianguko egitasmoa aurrera eramaten saiatzeko, herritarren benetako parte hartzea galarazteko, aurrekontuak irizpide eta kontrolik gabe kudeatzeko, kontratuak behatzez erabakitzeko…

Horregatik, ezker abertzalearen estrategiaren ardatz izan behar du euskal herritarron eta ordiziarron ahotsa indartzea eta hitz bihurtzea udaletan, erakunde orotan, lantokietan, ikastetxeetan, kalean… Bada garaia egoera ustel honi buelta emateko. Ezker abertzaleak herritarron ahotsa indartu eta hitz bihurtu nahi du. Eta hitz hori edukiz bete nahi du herri-programetan. Esanahia eman nahi die, proiektu eta errealitate bihurtu nahi ditu. Horretarako zure ahotsa entzun nahi du ezker abertzaleak. Horixe da hurrengo asteetan ezker abertzaleak bere buruari jarri dion lana: zure ahotsez herri programa osatzea, programa hori Udaletara eramateko eta Udaletan, herritarrek hitza izan dezaten; baita Ordizian ere.