Festa eta samurtasuna Ordiziako Gaztetxearen eskutik

Gazte eta aske

Patata tortillaren errezetak ez du misterio handirik: arrautza eta patata bat eginda lortzen da hain jaki goxoa. Baina gaztetxekoek bestelako errezeta bat erakutsiko digute larunbat honetan Plaza Nagusian arratsaldeko 18:00etan. Patata tortillari askoz ere goxoagoa egingo duten osagai berezi bat erantsiko baitiote: elkartasuna. Minbizia duten haurrenganako elkartasuna, alegia.

Ordiziako Gaztetxekoek 25 urte luzeetan maiz erakutsi digute zer den elkartasuna, samurtasuna, konpromisoa… Herriko hainbat eta hainbat ekimenetan hartu izan dute parte, beti alai, borondate onez eta elkarlanerako prest. 25. urteurrena ospatzen ari diren honetan ere, festa elkartasunarekin uztartu nahi izan dute. Honela larunbatean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Plaza Nagusian elkarteen arteko tortilla lehiaketa antolatu dute. Tortillaz gain, bertan saldaz, haragi egosiz eta tragoxkaren batez ere gozatzeko aukera izango dugu. Ekimenean minbizia duten haurren egoerarekiko kontzientzia eta elkartasuna zabaltzeko aukera izango da, biltzen den dirua ASPANOGI elkartearentzat izango baita. Zorionak Gaztetxeari 25 urte hauengatik, baina batez ere 25 urte hauetan landu dituzuen baloreengatik.  Bejondeizuela!