Lapurretak Ordizian? Itxi ba ateak!

Herritarren salaketa

Horixe da, ateak ixteko aholkua, Ordiziako Alkateak eman duen erantzuna herrian gertatzen ari diren lapurreten aurrean. Auziak ertz asko ditu, konplexua da, eta ezin da arinkeriaz erantzun.  Herritarrek lapurreta horiez kezkatuta eta Alkateak "proposatutako" konponbide ikusita, beren kexa  eta haserrea agertu dute. Eta beste galdera askoren artean honako hau egiten dute: nola liteke kamaraz josia den Kale Nagusian denbora tarte txikian lau lapurreta edo lapurreta saiakera izatea? Nor zaintzeko daude jarrita kamara horiek? Presoen eskubideen aldeko konzentrazioak ederki "zaintzen" dituzte ba kamara eta ertzainen patrullek.

Esan bezala auziak ertz asko ditu: segurtasunaren behar eta eskubidea, aurriritziek izan ditzaketen arriskuak, erakundeen erantzunkizunak, lapurreten gorakadaren zergatia ezagutu beharra... Baina fenomenoa ez da hain berria, eta Udalak izan du denbora gutxienez oinarrizko bi lan egiteko. Lehena informazioa jasotzea herritar, merkatari eta ostalarien aldetik eta ertzantzaren aldetik datu zehatzak izateko (lapurreten tipologia, nola eta noiz ematen diren; benetan nolako gorakada eman den eta eskualde honetako kontua ote den bereziki; lapurtutako generoa atzeman izan denez,  non atzeman den....). Eta bigarrena hainbat neurri hartzea halakorik gerta ez dadin, esate baterako gauetan eta astebukaeratan gutxieneko zaintza ziurtatzea (udaltzain edota ertzainen bidez beharrezkoa izatekotan). Azterketa horiek aspaldian eskatu zaizkio alkateari, baina esan bezala orain artean ezer gutxi egin du. Orain enpresa bat kontratatu da azterketa bat egiteko eta segurtasun batzorde bat jarri da martxan. Ikusiko dugu zer ematen duten.