Bakerantz, legalizazioa... eta herritarren mobiliazioa

Egoera politikoa

Legal, ilegal; legal, ilegal; legal… Margaritari lorearen hostotxoak banan-banan kentzen arituko bagintzaizkio bezala, hortxe dabil hainbat herritarren gogoa eta esperantza, batetik bestera. Eta Ordizian bertan herritarrek kalean gelditzen zaituzte eta, “Aizu, oraingoan bai, ala? Oraingoan legal izango gara, ala?”. Eta, “Ezker abertzalea normal ikusiko dugu lanean, ala?”. “ Aizu, eta alkate, zein izango dugu?”. Bistan da esperantza eta ilusiorik badela herritarren artean. Ez hori bakarrik gainera, beharra ere bada. Baina ezin dugu inoiz ahaztu, ilusio eta behar hori eskubidea ere badela. Eta historiak erakusten digula eskubide oro borrokaren bidez konkistatu direla.

Rubalcabak alderdi berriaren aurkezpenean esan zirenak entzun ondoren, ikusi ahal izan zuen zein sendoa den ezker abertzaleak hartu duen erabaki estrategikoa. Ikusi zuen estrategia hori ezingo duela gelditu traba juridikoak jarriz. Hori jada ez dela oztopo ezker abertzalearentzat. Eta ulertu zuen, berriz ere abian den aldaketa ezingo duela gelditu. Hala ere, jaso duen ezustekoa digeritu ondoren, aurpegirik antidemokratikoena erakutsi du, honako hau esanez: "Es evidente que se trata de la ilegalizada Batasuna y, por tanto, hay lo que se llama continuidad. Es un partido ilegal que viene al registro de partidos políticos para querer ser legal, a través de unas nuevas siglas y unos nuevos estatutos". Eta alderdia legez kanpo uzteko ekimena jarri du martxan. Jarrera horrek erakusten digu zein izaerakoak diren estatuko euskaldunon aurkako politikari horiek eta legez kanpo dutena ez dela alderdi bat, ideologia eta helburu politiko demokratiko batzuk baizik. Jakina pertsona berberak direla; jakina abertzale eta sozialistak direla; jakina Euskal Herriaren independentziaren aldeko direla; jakina aldaketa sozial eta politikoa bultzatzen dutela… Jakina da, beraiek alderdi berriaren aurkezpenean bertan hala esan dutelako, eta estatutuetan ere hala jasotzen dutelako.

Autobusa Fray Andresetik 15:30ean. Autobuserako izen ematea Herrikon.