25ean Hitzaroren Batzarra eta Txotx! Urbitarten

Ordizian bertan

Hitzaroren sorrerako argazkia dugu goikoa. Hamasei urte pasa dira ordutik, eta euskararen normalkuntzan aurrera pausoak eman badira ere, oraindik bada zer egina Ordizian bertan Baina lanak eta ardurak ez die Hitzarokideei ospakizunetarako gogorik kentzen.

Horregatik, hilaren 25erako Hitzarok proposamen bikoitza egin digu. Ostiral horretan lehenik Urteko Batzarra ospatuko da Barrena Kultur Etxean 18:30ean. Batzar horretan 2010 urteko jardueren kontu-balantzea egingo da eta 2011ko egitasmo eta aurrekontuak proposatuko dira. Horrekin batera, zuzendaritza kide berriak aurkeztuko dira. Eta Batzarraren ondoren, urtero bezala, afaria egingo dute bazkideek, mintzalagunek, AEK-ko kideek eta bertara joan nahi duen herritar orok. Afaria Ataungo Urbitarte sagardotegian izango da. Izena hilaren 22a baino lehen eman behar da Hitzaroren bulegora deituta (943162366 telefonora) eta 25 euroko prezioa izango du.

Hamasei urte hauetan euskararen normalkuntzan hainbat urratsa eman dira. Baina arlo gehienetan oraindik argi-ilunak ditugu. Besteak beste ikastetxeetan egindako lanari esker, ezagupenak gora egin du, baina erabilerak ez du inondik inora maila berean egin; lan munduan hainbat normalkuntza plan egin dira, baina lan munduak oro har euskaldundu gabe jarraitzen du; Udalak badu euskararen ordenantza, baina Udalak berak ez du betetzen; gizarteak euskararen aldeko jarrera du, baina hainbat arlotan ez dira konpromiso serioak hartzen…

Horregatik guztiagatik, pentsatzen dugu Hitzarok duela hamasei urte bezain beharrezko izaten jarraitzen duela. Gizartearen eta herritarren lana, salaketa, presioa, konpromisoa… behar beharrezko izaten jarraitzen dute.

Argazkian 2010eko batzarra