Nazionalista izatea zer ote?

Iritziak

"Ordiziar nazionalista" batek idatzia da honako artikulu hau. Zeurea argitaratzea nahi baduzu, bidali Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu helbidera.

 

Ustez nahiko argi adierazita zegoen, bada, mundu osoko hiztegietan... Urrutiegira jo gabe, aizue, Euskal Herriko Lur Hiztegi Entziklopedikoak hauxe dio: “NAZIONALISMOAREN ALDEKOA; BERE HERRIAK EDO NAZIOAK BEREGAINTASUNA LORTZEKO EDO ESTATU BAT OSATZEKO ESKUBIDEA DUELAKO IRITZIA DUENA; IK. ABERTZALE”. Eta, tira, tomoz aldatzeko lantxoa hartuz gero, hauxe dio “abertzale” hitzaren inguruan: “ABERRIA MAITE DUENA, ABERRIAREN ALDE SAIATZEN EDO BORROKATZEN DENA; EUSKOTARREI DAGOKIENEZ, EUSKAL HERRIA ABERRI BAKARTZAT DUENA”.

 

Historiari errepasotxo bat emanez, XX. mendean ez ziren gutxi izango gaur egun Mendebaldea edo Nazioarteko Elkartea deritzan “ongiaren ardatza” osatzen duten estatu askoren hankapetik askatutako nazioak. Afrikan bertan… ezin konta ahala! Nazionalistek, nazio askapenerako mugimenduek, gogor egin behar izan zuten “lan”, errepresio orori aurre eginez, euren nazioa estatu izatera ere iritsiko bazen! Eta gaur egun ere hortxe ditugu prozesu horretan murgilduta dauden herriak: Eskozia, Flandria, Groenlandia, Ipar Irlanda, Quebec… eta, nola ez, gure Euskal Herria!
Baina hara non “nazionalismo” hitz zahartuari  adjektibo “moderno” eta “ponpoxo” bat erantsi dion bakarren batek XXI. mende honen hasieran: INSTITUZIONALA… “nazionalismo instituzionala”! Badirudi, gainera, nazionalismo “berri” horrek ez duela bat egiten gaur egun euskal gizartean izugarrizko ilusioa piztu duten “Gernikako akordioa” bezalako egitasmoekin, euskal gatazkako alde bietako indarkeriari uko eginez, batasuna ardatz delarik eta hitzaren indarra arma ezin egokiagotzat hartuz, aspaldian ez bezala, herri honetako urte luzeetako sufrimendua (euskal preso eta errefuxiatuena, hauen familiena, ETAk hildakoena…) akabatzeko esperantza ematen digun aukerarekin.
Ez, izugarrizko ilusioa pizten ari den egoera berriari, Euskal Herria egunen batean independente izateko aukerari… badirudi muzin egiten diola nazionalismo berri honek… eta erosoago, “askoz erosoago “sentitzen dela instituzioetan, “eserlekuetan” (ahal izanez gero, egoera sine die luzatuz). Euren diskurtso berria badirudi gehiago egokitzen dela hasieran aipatu dugun hiztegi entziklopedikoak “erregionalismo” hitzaz dioenari: “LURRALDE, PROBINTZIA BATEKO EZAUGARRI JAKIN BATZUK BULTZATZEKO JOERA; ESKUALDEEI, PROBINTZIEI, NOLABAITEKO AUTONOMIA EMATEN DIEN GOBERNU SISTEMA”.
Definizioak definizio, nik galderatxo bat egin nahiko nieke Aberri Egunera joan eta urteetan “Gora Euskadi askatuta” oihukatu izan duten oraingo nazionalismo instituzionalaren defendatzaile sutsuei: ZUEK ZER DEFENDATZEN DUZUE, LEHENENGO DEFINIZIOA… ALA AZKENA?