Donostiarrak nagusi, Argi Berri elkartearen mus txapelketan

Ordizian bertan

Argi Berri Elkarteak urtero antolatzen duen Mus Txapelketa azkarraren XXXIV. ekitaldian donostiarrak izan ziren nagusi. Joan den otsailaren 12an jokatu zen eta ia Euskal Herri osotik etorritako bikoteen artean, Antonio Carrion eta Manuel Diez izan ziren azkenean txapela jantzi zutenak.

Argi geratu da Antonio Carrionek esku ona duela musean aritzeko, hirugarren aldia baita Argi Berri elkarteak antolatzen duen txapelketa irabazten duena.

Hala ere, azpimarragarriena partehartze handia izan zen, izan ere, 114 bikote aurkeztu ziren iragan larunbateko norgehiagokara. Gipuzkoako ordezkariez gain, Sakana eta Leitza aldetik ere etorri ziren Ordiziara giro ederrean karta-jokoan aritzera.

Esan bezala, donostiarrek osatutako bikoteak eraman zuen txapela eta 1.500 euroko saria, 36 herritatik etorritako muslarien artean onenak izan zirelako. Podiuma osatuz, bigarren geratu ziren Koldo Galarraga eta Mikel Zugasti errezildarrak (800 euroko saria) eta brontzezko domina lortu zuten Juan Barrenetxea eta Antonio Larraza uztegitarrek.

Baina horiek ez ziren izan saria eskuratu zuten bakarrak, beste asko ere ez ziren esku hutsik joan etxera. Lehen zortzi bikoteek izan zuten saria. Lehenengo ordiziarrak Alejo Garcia eta Angel Gimenez izan ziren eta arkume eder bat eta bi txuleta poltsikoratu zituzten.

Eta ezin ahaztu sari berezia, emakumeen presentzia bultzatzeko asmoz haiei zuzendutakoa. Aurtengoan, Arkaitz eta Leire zarauztarrek osatutako bikoteak eraman zuen sari berezia, Leire izan baitzen sailkapenean lehenengo emakumea, eta lurrindegiko lote polit batekin joan ziren etxera.

Datorren urteko txapelketak, XXXV.ak, ere aurtengoak adina arrakasta izatea espero dugu.