Udal aurrekontuak. Hau ere demokrazia eta parte hartzea?

Udal txinpartak

Udal baten kudeaketako tresna garrantzitsuena Udal Aurrekontuak dira. Eta urteko Osoko Bilkurarik nagusiena, Aurrekontu horiek onartzeko egiten dena. Aurrekontu horiek gainera, prestatu eta onartu beharko lirateke ardura politikoz landuta, oposizioaren aportazioak entzunda eta herritarren parte hartzea bermatuta. Baina Ordiziako Udalak akaurrekontuen kudeaketan hiru arlotan egiten ditu hutsegiteak.

Ezker abertzaleko hautetsiek eta oposizio osoak asteazkenean, otsailak 16, jaso zituzten 2011rako Udal Gobernuak prestatu dituen aurrekontuak. 16an eman oposizioari, eta batere azalpenik eman gabe, astebeteko epea eman aztertzeko. Aste beteko epea, beraz, 10 miloi eurotik gorako aurrekontuak aztertzeko. Portaera hau ez da berria, baina bai oso kezkagarri eta adierazkorra. Adierazkorra da, erakusten digulako nola ulertzen dituzten PNVk eta PSOEk Udal kudeaketa eta herritarren parte hartzea.

Izan ere, erakunde publiko baten aurrekontuen kudeaketak eskatzen du batez ere ardura politikoa, oposizioa aintzat hartzea eta herritarren parte hartzea. Eta hiruretan egiten du huts Ordiziako Udalak.

Ardura politikoari dagokionean, bi aldetatik begiratuta egiten du huts. Batetik, urteak daramatzatelako aurrekontu errealak kudeatu ezinik, kudeatzen diren aurrekontuak ez direlako zehatzak. Horregatik urtean zehar sei-zazpi aldiz egiten dira kredituen aldaketak (aurreikusi gabeko gastuak daudelako, aurreikusitakoak garestiagoak atera direlako, edo aurreikusitako egitasmoak ez direlako egin...).  Bestetik, ez delako kudeaketa horren memoria edo kontu emate publikorik egiten, azaltzeko zein egitasmo eta nola gauzatu den, eta zein ez.

Oposizioa aintzat hartzeari dagokionean, PNVk eta PSOEk ez dute ulertzen funtzionamendu demokratiko garbi baterako ezinbestekoa dela oposizioa aintzat hartzea. Beharrezkoa da ez bakarrik oposizioa izan arren hainbat eskubide dutelako (herritarrek bezalaxe), baizik eta oposizioak oposizio politikotik aurrekontu horiek hobetu ditzakeelako. Gehiengoa izateak ez du eskubiderik ematen oposizio eta herritarren gainetik "rodilloa" pasatzeko.

Eta azkenik, herritarren parte hartzeari dagokionean, aski da geure buruari galdera hauxe egitea ikusteko zein den gure Udalarentzat herritarren parte hartzearen funtzioa: galdetu al zaie herriko taldeei eta herritarrei euren behar eta lehentasunei buruz aurrekontuak prestatzeko garaian? Ez noski. Egitasmoak definitzeko garaian eta horientzat aurrekontuak erabakitzeko garaian herritarrak aintzat hartzen ez badira, zein "herritarren parte hartzeari" buruz ari da Udala?

Hurrengo egun eta asteotan xeheago aztertu ahal izango ditugu aurrekontuak, eta emango dizuegu horien eta ezker abertzalearen balorazio eta proposamenen berri.