"Zure ahotsa gure hitza" lelo huts izan ez dadin...

EH ezkerretik eraikiz

“Zure ahotsa gure hitza” hauteskundetako lelo huts izan ez dadin, ariketa bat proposatu nahi dizugu. Zoaz kalera eta galdetu zure inguruko jendeari. Galdetu gazteei Udalak ba ote duen kezkarik beren arazoengatik. Galdetu emakumeei Udalak non sartu dituen berdintasun planak. Galdetu ba ote dakiten zertan gastatzen duen dirua Udalak, nor eta zertarako kontratatzen duen.  Galdetu ea Udalak inoiz kontsultatu dion zein behar ikusten dituen bere auzoan… Apuntatu erantzunak, eta zatoz larunbatean, hilak 26, Barrenan 10:00etan izango den Batzarrera.

Ordizian ezkerreko eta abertzaleak gehiengo gara. Hauteskundeek eta kaleko giroak hori erakutsi digute urtetan zehar. Hala ere, baztertuta eduki nahi izan gaituzte: ardura politikoak har ez ditzagun  tranpa eginez, informazioa ezkutatuz, herritarren parte hartzea ezinezkoa eginez, Udala Batzoki eta Casa del Pueblo bat bezala kudeatuz… Gainera, sinestarazi nahi izan digute hori dela normaltasuna eta demokrazia.

 

Ez ba! Urtetan bizi izan dugun egoera anormala eta antidemokratikoa izan da erabat, eta horrez gain kaltegarria gure herriarentzat. Horregatik, herritarren artean sentimendu bat nagusitu da: Udalean ere beharrezkoa da aldaketa. 

Ilusiozko momentuak bizi ditugu Euskal Herrian. Aro politiko berri baten ateak irekitzen ari gara eta prozesu demokratiko bat ari gara jartzen martxan. Ilusiozko momentu hori Ordizian ere antzematen da. Jendea aldaketa egarriz da. Eta Udalean ere aldaketa nahi du. Udalean ezkerreko eta abertzaleak ikusi nahi dituzte ardura politikoekin. Batez ere, badakitelako horiek heltzen badira Udala gobernatzera, herritarrek ateak irekita izango dituztela eta haien ahotsa Udalean entzungo dutela.  

Ezkerreko abertzaleok badugu nahikoa indar Ordizian eta Udalean aldaketa hori eragiteko. Orain indar hori bildu eta antolatzeko garaia da. Azken urteetan bakarren batzuk atzera egin dute ez dutelako aukerarik izan beren ekarpentxoa egiteko oso urruneko egiten zitzaion ezker abertzalean, hainbat erabakirekin ez direlako ados egon, beldurragatik, erosotasunagatik… edo beste hainbat arrazoirengatik. Orain ordea, momentua da denok aurrera urrats bat egiteko eta indarrak biltzeko. 

Ariketaren bigarren zatia proposatu nahi dizugu. Hitz egin zure lagunekin, familiakoekin, bizilagunekin… Azalduiozu nola ikusten duzun egoera Ordizian. Esaiozu larunbatean, hilak 26, ezkerreko abertzaleok Batzarra izango dugula Ordizian egoera politikoa  aztertzeko eta datozen Udal Hauteskundeei buruz jarduteko. Animatu ezazu, eta zatozte Batzarrera. Zuen ahotsa ezker abertzalearen hitza izan dadin.

Argazkian 2007an Ordiziarrak legalizazioa eskatzen. Legez kanpo izan arren, EAE-ANV lehen indarra izan zen Ordizian, 1.100 bozka lortuta.