Ordiziako Udalak ez du gainditu Kontseiluaren azterketa

Udal txinpartak

Iaz Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Udalen hizkuntza-politikaren neurketak egin zituen. Neurketa horretarako aintzakotzat hartu ziren udalek hartutako erabakiak euskara eta euskal hiztunen eskubideak babesteko, burutu diren plangintzak eta bideratu diren diru-baliabideak. Otsailaren hamaseian plazaratu ditu emaitzak. 0tik 10 arteko notak jarri dituzte eta Ordiziak 6,3 lortu du. Beasainek, gertuko herri bat aipatzearren, 8,1eko nota jaso du.

 

Kontseiluarentzat gutxienez 7 puntu lortzeak erakusten du Udalak euskara lehenesteko ahalegina, beraz, Ordiziakoa helburu hori lortzetik nahikoa urrun geratu da.

66 udalerri aztertu ditu Kontseiluak (ehunka dokumentu, 9.000 erantzun, 2.000 argazki…). Eta galdetegia udal-tekinariek, ikastetxeetako ordezkariek eta herriko euskalgintza alorreko elkarteek erantzun dituzte.

66 herri horietatik, Ordizia 21. geratu da. Beste udalerri batzuekin alderatuta, Ordiziako Udalaren hizkuntza-politika Beasaingoarengandik oso urrun geratu dira. Izan ere, Beasainek 8,1 puntuko nota eskuratu du eta 8.a da zerrendan eta hori euskararen ezagutza maila Ordizian baino baxuagoa dela. 2010ean egindako azterketaren arabera, ordiziarren % 78,3k daki euskaraz hitz egiten.

Azterketa hau Ordizian ezker abertzalea Herri Programa prestatzen ari den unean ezagutu dugu. Eta azterketaren emaitza ez zaigu harritzekoa iruditu. 1999an Euskara arloa ezker abertzaleko zinegotziaren ardurapean zegoelarik, euskararen egoeraren diagnosia egin zen, eta ikusi ziren beharrei erantzuna emateko sortu zen Euskararen Batzordea, jarri zen martxan Biziberritze Plana eta aurrekontuetan kuantitatiboki igoera nabarmena izan zuen euskararen berreskurapenerako atalak.

Ordutik aurrera, ordea, euskararen berreskurapena eta normalkuntza ez da inondik inora lehentasunezkoa izan Udalean. Euskarako zinegotzi eta teknikariak hainbat saiakera egin badituzte ere, Udalaren jardunean ez da lehentasun estrategikoa izan. Hitz gutxitan esateko, gure ustez:

1. Plangintzak burutu badira ere, ez dira neurri zuzentzaileak hartu eta hainbat eremutan hutsune garrantzitsuak izaten jarraitzen dugu. Honela, berez emaitza onak lortzea errazen diren eremuetan ekintza arrakastatsuak antolatzen badira ere (haurrentzat, hainbat ekintza kultural…), beste hainbat eremutan ez da behar adinako saiakerarik egin (Udalean euskararen erabilera normalizatzeko, enpresa munduan, merkataritzan…).

2.- Euskara Batzordeak, eskumen eta erabakitzeko ahalmenik gabe, erreferente izateari utzi dio.

3.- Ez dira behar adinako konpromiso politikorik hartu. Honela, Udalak berak ez du betetzen 1.999an aho batez onartutako euskararen ordenantza, arloetako politikoek ez dute aintzat hartu beraiei ere badagokiela arlo hori euskalduntzea…

4.- Ez dira behar adinako baliabideak (aurrekontuak) jarri. Arrazoi sinple batengatik: Udalarentzat ez euskara, ez kultura ez direlako lehentasunezko eremuak izan. Haientzat, esparru hauetan aurrekontuak handitzea ez da etorkizunerako inbertsio ezinbestekoa.