San Joango lanak kaosa dira

Herritarren salaketa

Nik San Joan auzoan bizi garenon egunerokoa salatu nahi dut. Hor doakizuen argazki sortan ikus ditzazkezue San Joan eraikitzen ari diren bitartean aspalditik bertan bizi garenok ikusten duguna. Bi gaietan zentratuko naiz: birziklaketa eta trafikoa.

1.- Birziklaketa: Eraikuntza eta urbanizazio lanetan sortzen diren hondakinak auzo guztian ikus daitezke oraindik, edozein lekutan botata. San Joan errekatik ere askotan atera ditut gorri kolorezko tutuak.

Baina hondakin hauetatik asko desagertu egin dira. Non daude? Oso erraza. Sortu diren kale berrien inguruan "apainketa" lana egin dute azken bi asteetan. Hau da, bertan eta edonoren begi bistan zeuden hondakinak lurrez estali dituzte, eta kitto. Hilerri ondoan sortu den biribilgune eder, galant eta dotorearen azpian adibidez. Ez al da derrigorrezkoa hondakin hauek birziklatzea?

Hondakinak nonahi botata.                                           Gainean lurra botata"apainketa" lana egin ondoren.

2.- Trafikoa: San Joango Basilikaren inguruan sortu den bidegurutze berrian egunero dugu sustoren bat. Trafiko ikurrak dagoeneko 5 egun daramatza lurrean etzanda. Gauez argia egiten duen ikurrik ez dago. Kamioiak edozein tokitan gelditzen dira deskarga lanak egitera, "Fenwick" makina edozer moduan ibiltzen da bidegurutzearen erdian. Ertzantza ere ikusi izan dut debekatutako norantzan. Seinalizazioa negargarria da auzo guztian, eta honi lokatza edo hautsa batuz gero eta gainera gaua bada, normalena autoarekin muturreko bat hartzea da.

Alkatea San Joana bixitatzera etortzea lortu nuen Udalaren Facebookean nire kexa ipiniz. Nik esandakoak idatzi zituen, eta neurriak hartuko zirela esan ere bai. Esan bai, baino egin ez...Atzo bertan jarri nizkion Facebooken zuei bidaltzen dizkizuedan argazkietako batzuk, eta hitzak berriro ere bai, baina neurririk ez. Atzo lurrean etzanda 4 egun zeramatzen seinaleak hor jarraitzen du, 5. egunez. Udaltzainek ba al dakite Itsasondoko mugan kale berriak daudela? Hainbeste kostatzen al da herrigunetik hona etorri eta oker dauden gauzak zuzentzea?

San Joango auzotarrek gauza asko jasan ditugu lanak hasi zirenetik: hautsa, lokatza, kamioien joan etorria, zarata goizeko 7etatik gaueko 10:30etara...eta ni behintzat gauza asko eta asko jasateko prest nago, baina utzikeria eta errespetu falta ez. San Joan askorentzako herrirainoko igarobide bat besterik ez da, edo zakurra paseatzekoa. Baina beste batzuk bertan dugu etxea, bertan bizi gara. Badirudi San Joan auzo berria hutsetik hasita eraikitzen ari direla, baina ez. Hemen aspalditxotik daude etxeak eta bizilagunak, nahiz eta batzuek gogoan ez izan.

Hauek dira nire kexa nagusiak, nahikoa izango da oraingoz, nahiz eta gehiago ba dauzkadan. Adibidez: nola da posible eraikuntzetan lanean ari direnak goizeko 7retan hasi eta gaueko 10:30ak arte lanean aritzea? Orain ere (larunbata 17:30) hor daude, dinbi eta danba). Udalak ez al du kontrolik egiten?