Kirola baino gehiago

Iritziak

Hiztegi entziklopedikoan errugbi hitza bilatzean, honako definizioa aurkitu dut: hamabosna, hamahiruna edota zazpina jokalariz osatutako bi taldek baloi obalatu bat bata bestearen hagen atzean uztean datzan kirola. Definizio hori soilik kontutan hartuta errugbia kirola besterik ez dela pentsa nezake.


1990eko otsailean, Nelson Mandela, 27 urte kartzelan egon ondoren aske geratu zen. Oso momentu latzak jasaten ari zen Hegoafrika, herria bitan banandurik zegoen, eta zurien eta beltzen arteko gatazkak, hildako, kartzelaratu eta torturatu asko eragin zituen.

Mandelaren helburu nagusia bananduta zegoen herria elkartzea zen. Horretarako tresna gisa errugbia erabiltzea zela egokiena pentsatu zuen eta ahalegin guztiak egin zituen garai horietan soilik zuriena zen errugbiaren bidez Hegoafrika elkartu bat sortzeko. 1995ean, Errugbiaren Munduko Kopa Hegoafrikan jokatu zen eta bertako taldeak irabazi zuen, François Pienaar kapitainak txapelketaren amaieran esan zuen bezala: “Bai beltz bai zuri, hegoafrikar guztion bultzadarekin”.

Gure herrian, Ordizian, errugbi-taldea urte bikaina egiten ari da. Aurtengo urtean jasotzen ari den fruitua aurreko urteetan ereindako haziaren ondorioa dela begi-bistakoa da. Urtez urte harrobia geroz eta hobeto lantzen ari den taldea da gure herrikoa eta lagun askoren lanarekin lehen taldea maila bikaina ematen ari da, baina, nire ustez, oraindik garrantzitsuagoa da beheko maila guztietan dagoen errugbilari kopurua. Lan hori herriak eta herritarrek eskertzen dugu eta horregatik joaten da horrenbeste ordiziar eta goierritar partiduak ikustera.

Denok dakigun bezala, Valladolideko partidaren ondoren Liga irabazteko aukerarik gabe geratu da Ordiziako taldea. Pena den arren, lanik zailena eginda daukate eta zailena ez da daukaten taldea mantentzea, hurrengo urterako ikasi dutena liga irabazi dezaketela sinestaraztea da. Aurtengo urtera arte amets pentsaezina zena errealitate bilakatu daitekeela badakite eta, aurtengoan posible ez den arren, hurrengo urtean posible izango da.

Baina aurrez aipatutakoa baino garrantzitsuagoa den zerbait ikusi dut aurten nik errugbi-taldearen inguruan. Valladoliden errugbi-talde batek baino gehiago, herri batek galdu zuen liga irabazteko aukera. Axiok behin baino gehiagotan esan duen bezala, Ordiziako errugbi-taldearen atzean Ordiziako herria eta bertako herritarrak gaude.

Euskal Herrian, Hegoafrikan bezalaxe, urtetako gatazka jasaten ari gara. Gatazka honek hildakoak, espetxeratuak, torturatuak... eragin ditu. Gaur egun ere euskal herritarrok ez gara eskubide askoren jabe eta horren adibide garbia da Ordiziako gehiengoa den sentsibilitatea Udaletik kanpo egotea.

Badakit ordiziarrok gure artean oso ezberdinak garela baina ni seguru nago batzen gaituena banatzen gaituena baino gehiago dela. Ordizian, Hegoafrikan bezala, errugbi-taldeak herria elkartu du, dauzkagun ezberdintasunak alde batera utzi eta herri-minak elkartu gaitu talde baten inguruan.
Errugbi-taldea adibide gisa jarrita, gure herriaren alde denok elkarturik lana egiteko ordua heldu da. Euskal Herrian sortzen ari den aro berri honetan, indarrak biltzeko unea heldu da, Hegoafrikan, errugbiaren bidez, Mandelak bertakoen ezberdintasunak eta iraganeko amets gaiztoak alde batera utzi eta denak elkartzea lortu zuen. Ordizian ere errugbiak elkartu gaitu eta elkartasun hori aprobetxatu behar dugu gure herriaren alde denok batera lan egiteko.

Amaitzeko, hurrengo igandearen inguruko hitz batzuk idatzi nahiko nituzke. Liga irabazteko aukerarik ez duen arren, festa bikaina espero da gure herrian. Goizean partidua izango da eta ondoren 1.000 pertsonatik gorako bazkaria. Errugbi-elkartearen baimenarekin, igandekoa errugbi-festa baino gehiago Ordiziaren festa izango dela uste dut eta errugbi-bazkaria baino gehiago herri-bazkaria. Errugbiak, bai Hegoafrikan, bai Ordizian, erakutsi digu iraganeko amesgaiztoak alde batera utzi eta etorkizuna elkarrekin eraikitzea posible dela. Igande honetakoa etorkizun oparo horren lehen eguna izango da, errugbia zer den jakin nahi duenak hiztegi entziklopedikoan begiratu beharrean igandean Altamirako zelaian edo herriko pilotalekuan begira dezake. Ordizian, errugbia kirola baino gehiago da, Ordizian, Hegoafrikan bezala, errugbiak etorkizuna esperantzaz begiratzen lagundu digu.

Horregatik guztiagatik, herritar guztioi igandean Altamirara joateko deia egin nahi dizuet. Hegoafrikan 1995eko munduko koparen finalean bezala, bertakoa, herriaren festa izango delako.