Gaztetxeak egitarau mardula du martxoan ere

Gazte eta aske

Hilabetero legez, martxoa hastearekin batera Gaztetxeak hilabete osoan egingo dituen ekimenen berri eman du. Bideo-emanaldiak, bertso-saioa, mus txapelketa... eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte datozen egunotarako.

Martxoaren 10ean bideo-emanaldi batekin ekingo diote hilabeteko egitarauari. Ostegun horretan Persepolis animazio-filma jarriko dute ikusgai, Marjane Satrapi irandarraren eleberri grafikoan oinarritutako filma. Mendebaldeko joera duen familia batean jaiotako neskato irandar baten bizitza kontatzen du pelikulak. 1970ean kokatuta dago istorioa, Iraultza Islamdarra gertatzen den garaian, eta orduan irandarrek bizi zutena irudikatzen du era ezinhobean.

Bigarren ekitaldi nagusia Bertsotxotx bertso-saio berezia izango da, martxoaren 12an, larunbatean, herriko plazan egingo dutena. Bertan izango dira Iban Urdangarin, Arkaitz Apalategi, Aitor Sarriegi eta Ainhoa Mujika bertsolari goierritarrak ikus-entzuleek inguruko sagardotegietako sagardoa dastatzen duten bitartean umore puntua jartzen.

Hurrengo astean, martxoaren 19an hain zuzen, Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan, Gipuzkoako Mus Txapelketaren kanporaketa jokatuko da Ordiziako plazan. Gero, mus partidak amaituta, 22:00etan kontzertuak hasiko dira Gaztetxean La Mexicana Clandestina eta Erribera taldeen eskutik.

Hilabetea bideo-emanaldi batekin amaituko du Gaztetxeak. Hilaren 25ean, 19:00etatik aurrera, "Zapatistas, Crónicas de una rebelión" dokumentala ikusteko aukera izango dute Gaztetxera hurbiltzen direnek. 10 urtez armadaren kontra borroka egin duten gerrillarien istorioa, negoziazioak, etab. kontatzen dituzte bertan.