Udaletxea ez da zerua...ezta batzokia ere!

Udal txinpartak

Ebanjelioek diotenez, Jesusek zeruko giltzak eman zizkion San Pedrori honela fededunen gidari izan zedin. Udaletxea ez da zerua, Santamaria ez da San Pedro, eta are gutxiago ordiziarron gidari. Baina Udaletxeko giltzak berak bakarrik ditu!

Agian anekdota hutsa irudituko zaizu. Edo alkatearen xelebrekeria. Are gehiago ezker abertzaleko hautetsiek zortzi urte daramatzatenean halako egoeran. Baina karga sinboliko handiko anekdota da. Izan ere, alkateak Udalaren kudeaketa nola ulertzen duen adierazten du. Behin baino gehiagotan salatu izan dugu herritarrok Udaletxeko ateak itxita ditugula, eta errealitatean ezinezkoa dela parte hartzea. Eta horrekin batera, behin baino gehiagotan salatu dugu alkatetzaren agintekeria pertsonalismoan oinarritzen dela. Eta pertsonalismo hori muturreraino eramaten du. Halako agintekeriaz jarduten du, ze herritarrei ez ezik, gainontzeko zinegotziei ere beren eskubideak ukatzen baitizkie.

Udaletxeko giltza elektronikoa izan arren, eta beraz, giltza duen edonoren sarrera-irteerak erregistratuta geratuko liratekeen arren, alkateak ukatu egin die zinegotziei Udaletxean sartu eta bulegoetan edo lan egin ahal izateko giltza. Nor da halako erabaki bat hartzeko? Ez al daki oraindik zinegotziak herritarrek aukeratutakoak direla, eta eginbeharrekin batera hainbat eskubide dituztela?