Legal izan edo ez, ezker abertzalea aurrera!

Egoera politikoa

Prozesu demokratikoak eta aro politiko berriak eskatzen dute ezker abertzalea legala izatea eta normaltasunez aritzea lan politikoa egiten. Ordiziak ere beharrezkoa du. Eta jakina, ezker abertzaleak ere bere egitasmo politikoa aurrera ateratzeko legal izan behar du. Edozein kasutan, azpimarratu behar da bere bidea ongi markatua duela. Bide horretan erronketako bat izango da hauteskundeetan izatea. Legal izan ala ez, horretan ari da ezker abertzalea.

Eta ildo horretan, Ordizian ezker abertzaleak definituta ditu hurrengo asteotan emango dituen urratsak:

  • Lehena, Herri Diagnostikoa konpartitzea herriko talde eta eragileekin.
  • Bigarrena, arlokako hainbat bilera egin eta inkesta bat zabaltzea herri osoan herritarren proposamenak jasotzeko.
  • Hirugarrena, Herri Programa prestatzea.
  • Laugarrena, Hauteskundeetara herritar talde gaitu eta zabala aurkeztea Udalean aldaketa eragiteko.

Ordiziar gehienek aldaketa hori eskatzen dute, eta ezker abertzaleak badaki aldaketa esku-eskura dagoela programa abertzale eta ezkertiar baten inguruan herriko sektore zabalak biltzen badira. Gainera, kontziente da horretarako ezinbestekoa izango dela indarrak metatzea eta ardurak konpartitzea.

Une honetan Ordizian, Euskal Herrian agertzen diren posizio politikoen ispilu, bi jarrera nagusi agertzen dira, xehetasunak xehetasun. Batetik, aro politikoaren aurrean beren burua eta estrategiak indarra galduko duten beldur direnak, eta beraz, hura galarazten saiatuko direnak, alegia PSOE eta PNV. Eta bestetik, aro politikoa bultzatzeko konpromisoa hartua dutenak ziur daudelako guztiontzat onurak ekarriko dituela eta guztioi aukera berdinak eskainiko dizkigula, hau da Ezker Abertzalea eta EA.

Udalaren kudeaketa ereduari dagokionean, eta herriaren diagnosia egiterakoan ere, hemen ere xehetasunak xehetasun, une honetan bi blokeak agertzen zaizkigu. Bata PSOE eta PNVrena, orain arteko kudeaketa ereduarekin jarraitu nahi dutenak, eroso baitaude kudeaketa teknokratiko eta presidentzialistarekin, jakin bai baitakite ezinezkoa dutela sektore herrikoien babesa eta elkarlana lortzea. Bestea, Ezker Abertzalea eta EA, oinarrizko printzipiotzat dutenak Udala demokratizatzea, herritarrekin elkarlanean jardutea eta ikuspegi estrategikoarekin hartzea erabakiak.

Hauteskundeak gertu izan arren, goizegi da garbi ikusteko bi bloke horiek nolako programak eta proposamenak aurkeztuko dituzten eta nolako konpromisoak hartuko dituzten hauteskundeen ondoren Udala osatu eta kudeatzeko. Hala ere, ezker abertzaleak aurrera dezake bere ahalegin guztiak egingo dituela abertzale eta ezkertiarren artean indarrak biltzeko Udalean aldaketa eragiteko, eta alkate abertzale eta ezkertiarra behingoz jartzeko. Herritar gehienen gogoan dagoen moduan. Bada garaia!