Korrika apirilaren 13an pasako da Ordiziatik

Ordizian bertan

Datorren apirilaren 7an, KORRIKAren hamazazpigarren edizioari hasiera emango zaio Trebiñun eta Donostian izango du amaiera apirilaren 17an. Aurreko edizioan bezala aurten ere Goierrin izango da euskararen alde antolatzen den lasterketa sinbolikoa, kasu honetan apirilaren 13an izango delarik (asteazkena).

Lasterketa honetan, lekukoak eskuz esku zeharkatzen du Euskal Herri osoa eta milaka euskal herritarrek esku hartzen dute ekitaldi honetan, lekukoa eramaten edo korrika egiten.

 

KORRIKAren helburuetako bat, AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) egiten duen lana ekonomikoki sostengatzea da. Goierriko Goiztiri AEK-k 24 urte bete ditu jada eta klaseak emateaz gain, hasierako konpromiso mailari eutsiz, ilusioz,  bestelako ekintza kulturalak antolatzen ditu urtean zehar: gabonetako liburu azoka, ikastetxe arteko Eguberriko postal lehiaketa, txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa, hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak, eskualdeko museotara bisitak eta abar.

Honengatik guztiagatik, herritarrengana jo dute oraingoan ere eta egunotan korrika batzordeko kideak dendaz denda pasako dira guztion laguntza eske. Korrika lagun deitzen zaio ekimen horri. Ezin ditugu aipatu gabe utzi Korrika 16an Ordiziako dendari, tabernari, tailer eta abarrek borondate onez eskainitako 5.000 €-ak.

Horrezaz gain, kilometroa erosiz ere lagundu daiteke Korrika. 400 € balio du aurten ere kilometro bakoitzak eta erosiz gero apirilaren 13an herritik pasako den Korrikan lekukoa eramateko aukera izango da. Herriko Elkarte, Erakunde, Talde eta norbanakoei eskutitza pasa diete jada Korrika Batzordeko kideek. 12 €ren truke korrika laguntzaile izateko aukera ere badago (jarri AEK-koekin harremanetan: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu ). Azkenik, apirilaren 8an, ostirala, Ordizian egingo den eskualdeko afarirako sukaldaritza lehiaketan parte hartuz ere lagundu daiteke Korrika. Oraingoan ere arrain zopa eta biribilkia saltsan izango dira prestatu beharreko bi platerakoak. Herriko Elkarte guztiak ere gonbidatuta daude bertan parte hartzera.