Bilgune feminista: ez gara, inondik inora, berdintasun-egoeran bizi

EH ezkerretik eraikiz

BerriaTBren Esan ahala programak, Idurre Eskisabel kazetariaren eskutik, Bilgune Feministako Miren Aranguren eta Medeak taldeko kide eta Tolosako berdintasun-teknikaria den Josebe Iturrioz ordiziarra bildu zituen.

Elkarrizketa interesgarri honetan, mugimendu feministaren eta egungo egoeraren inguruko hausnarketa bultzatzeko hainbat gako eman dituzte. Hona hemen horietako batzuk:

  • Mugimendu feministak aitortu nahi ez zaion izaera politikoa du eta gizarte-eredua errotik aldatzeko borrokan diharduela dio Mirenek.
  • Erakundeetatik berdintasun-egoera dagoela aldarrikatzen da. Josebek "berdintasun formala" dela adierazi du: azalean geratzen da, erroetara joan gabe.
  • Botere-guneetatik ez da indarkeriaren dimentsio osoa hartzen. -Gizarteak gizartea bera bi zatitan banatzen du: biktimak eta erasotzaileak. Estatuak salbatzailearen papera jokatzen du eta berak kontrolatu nahi ditu indarkeria guztiak. Ildo horretan, emakumeok, biktima izatetik subjektu politiko izatera pasa behar dugula adierazi du Mirenek.

Elkarrizketaren amaieran, Idurre Eskisabel kazetaria izan da bi feministek erronkaren galderaren aurrean erantzun dutena laburbildu duena: Mirenek berdintasun faltsua deseraikitzea aipatu du eta Josebek, berriz, mikroiraultzei eustea.

Guri deigarria eta azpimarragarria iruditu zaigun beste puntu bat feminismoak duen fama txarra eta feminismoari zaion beldurra izan da, azken finean, mugimendu feminista eraldatzailea da eta gizarte-eredua errotik aldatu nahi duen mugimenduari beti izan zaio egitura dominanteetatik beldurra.