Udal kudeaketan ere eragin dezagun aldaketa

Egoera politikoa

Udal baten funtzionamendua eta Udalaren kudeaketa ulertzeko modu ezberdinak daude. Ordizian azken urteotan bi eredu ikusi ditugu oso garbi. Bata da azken urteetan PSOEk eta PNVk ezarri dutena. Bestea da ezker abertzalearekin batera herritar eta herriko talde gehienek maiatzetik aurrera nahi dutena. Nolakoak dira, baina, bi eredu horiek?

Hasteko, demokrazia ulertzeko moduan ezberdintasunak daude. Ordizian bertan izan ditugun hainbat adibiderekin ikusiko dugu garbien.

  1. Oianguko auzia. Behin baino gehiagotan entzun diegu PSOE eta PNVko zinegotziei eta alkateari “Herriak gu aukeratu gaitu eta legitimoa da guk erabakitzen duguna”. Alderdien legeaz nola baliatu diren alde batera utzita, demagun baietz, modu garbian aukeratu dituztela. Baina demokrazia batean horrek lau urtez nahi dutena egiteko eskumena ematen diete alkate eta zinegotziei? Ildo beretik, Ordiziako feria eta plazaren etorkizuna aztertzen ari den batzorde batean herritar batek proposatu zuen kontsulta bat egitea. Eta ematen zaion erantzuna izan zen horrek herritarrak banatu egiten dituela. Zortzi lagunek herritarren iritzia entzun gabe hartutako erabaki batek kohesio eragiten du eta herritar guztiek erabakietan parte hartzeak zatiketa?
  2. Erabaki potoloak Gobernu Batzordean hartzen dira, hiru zinegotziren artean. Gainontzean Gai Arrunten Batzordean, astean behin, axaleko gaiak tratatzen dira oposizioarekin. Bilera horietan ez da azalpen garbirik ematen (ez dira teknikariak egoten) eta askotan ezin ospatu geratu dira, quorumik gabe, behar adinako zinegotzirik, ez delako azaldu! Gainera, Osoko Bilkurak goizeko zortzietan ospatzen dira. Jakina, ordu horretan herritarrek ezin dute parte hartu. Zeren beldur edo lotsa dira? Ez dute azaldu nahi zuzenean herritarren aurrean beren lanaren kontu ematen. Hori bai, propagandako teknikaria “behatzez” kontratatuta eta urtean 20.000 euro inguru propagandan.
  3. Hainbat arlotan Batzordeak antolatuta egon arren (esaterako Euskara, Ongizatean, Kulturan berriki…), Batzorde horiek ez dute behar adinako eskumen eta erabakitzeko ahalmenik. Ongizatearen kasuan, gainera, funtzionamendu eskasa du benetan (urtean hiru aldiz bilduta?).
  4. Parte hartze delegazioa antolatu dute itxura egiteko, errealitatea ezkutatzeko. Hor ere teknikari bat “behatzez” kontratatuta, eta propagandan milaka euro urtero. Absurdoa da benetan parte hartze delegazioa antolatzea parte hartzea murrizten duen Udal batean! Non dago parte hartzea Oiangun? Non gazte eta emakumeen parte hartzea, delegaziorik ere ez bada? Non herritarren parte hartzea aurrekontuak prestatzerakoan? Non Udalaren kudeaketa aztertu eta ebaluatzerakoan?
  5. Haientzat demokraziaren oinarrian herritarrek ordezkariak aukeratzea omen da. Ez dugu ezetz esango. Baina oposizioko ordezkariak ere herritarrek aukeratu dituzte. Eta horiek ere beren eskubide eta eginkizunak dituzte. PSPE eta PNVk “rodilloa” pasatuz gobernatu dute. Ez dute inongo momentutan aintzat hartu oposizioaren aportazioak eta kontrol lana. Ezta herritarren kontrol soziala ere. Horrek gardentasun eza eragin du beren kudeaketan (hainbat kontrataziotan, egitasmoetan…).

Gure ustez, beraz, hainbat erabaki hartu behar dira funtzionamendu eredu hau aldatzeko:

  1. Gobernu Taldean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariek egon behar dute.
  2. Batzordeak osatu (emakumea, gazteria, kultura, hirigintza…) eta edukiz bete behar dira (eskumenak, erabakietan parte hartzeko mekanismoak eta aurrekontuak).
  3. Osoko Bilkurak herri batzar izaera berreskuratu behar du.
  4. Arduradun politikoek, teknikoekin batera, bere lanaren berri eman behar dute urtero memorien eta azalpen publikoen bidez.
  5. Aurrekontuen prestaketan herriko eragile eta auzoek parte hartzeko mekanismoak jarri behar dira martxan.
  6. Gatazkatsuak gerta litezkeen eta eragin berezia duten kasuetan (Oiangurena esaterako), adostasunik ezean herri kontsultak antolatu behar dira.

Funtzionamendu demokratiko eta parte hartzeari dagokionean, salagarria da Udal honek ez duela izan kudeaketa efizientea egiteko ahalmenik. Azken urteetan handitzen joan da Udalaren kudeaketa zuzenetik kanpo geratzen joan diren zerbitzuak: San Jose Zaharren egoitza, eguneko zentroa eta etxez-etxeko zerbitzuak; Majori kiroldegia; San Joango garapena; gazte lekua… Horrez gain, Udaletik kanpora egindako kontratazioak inoiz baino handiagoak izan dira. Gure ustez, ahal den neurrian Udal zerbitzuak munizipalizatu egin behar dira, eta edozein kasutan Udalak izan behar du haren jarraipen eta kontrol zorrotza egin behar duena.

Badira beste hainbat adibide garbi asko erakusten dutenak udalean ez dela gardentasunik eman; Udalak gauzak egin baditu ere, efizientziarik gabe egin dituela (hau da, proportziorik izan gabe lortutako emaitza eta horiek lortzeko erabilitako baliabideen artean); baliabideak modu okerrean erabili dituela; kudeaketa ahalmenik ez duela izan; herriaren ikuspegi estrategikorik ez duela izan… Baina horiek datorren asterako utziko ditugu.