Epaitegi espainiarren sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik

Egoera politikoa

Ezker abertzaleak eta oro har Euskal Herriak ezin du espainiar epaileen ebazpenen zain egon bere etorkizuna eraikitzeko. Horregatik, ezker abertzaleak bere erabakiak hartuak ditu, eta aukeratutako bidean bere lana egiten ari da. Jakin badakigu, bide horretan hainbatek sasi arantzatsu eta laino beltz jarri nahiko dituztela. Baina asmatuko dugu, bai, sasi horiek garbitzen eta laino horiek uxatzen. Bide horren nondik norakoak azaltzeko, ezker abertzaleak batzarra egingo du hilaren 19an, larunbata, goizeko 10:30ean Barrena Kultura-etxean.

Irekitzen ari garen egoera politiko berrian, ezker abertzaleak Ordizian ospatuko duen bigarren Herri Batzarra izango da oraingoa. Aurrekoan, ezker abertzaleak egindako Herri Diagnosia eta hauteskundeei begira hartzen zituen konpromisoak azaldu ziren. Bigarren honetan, konpromiso horiek nola ari den gauzatzen azalduko dute. Batzarrak bi gai nagusi jorratuko ditu:

  1. Herri Diagnostikotik abiatuta Herri Programa prestatzeko eman beharreko urratsak. Izan ere, ezker abertzalea jada prestatzen hasia da ordiziarrei aurkeztu nahi dizkien proposamenak eta hauteskundeetarako programa, eta horiek herritarrekin konpartitu eta adostu nahi ditu.
  2. Herri Programa hori Udalera eramateko eta aurrera ateratzeko eman beharreko urratsak.

Azken zortzi urte hauetan, ilegalak izan arren, ezker abertzaleak bere konpromisoei eutsi die, eta Udalaren barnean (ahal izan duen neurrian, etengabe saiatu baitira baztertuta izaten, eta jakina, erabakietatik urrun) zein herri mailan, saiatu da bere proposamenak eta lana aurrera ateratzen. Ez du batere lan erraza izan, baina herri mailan behin eta berriro erakutsi du zein lanerako ahalmen duen, eta zenbaterainokoa den herritarrengandik jasotzen duen babesa. Bistan da, Udaletik kanpo egon arren, herriko bizitza sozial eta kulturalean zein eragina duen.

Baina ezker abertzaleak jakin badaki, bai herrian, bai Udalean, egiten duen lana eraginkorragoa izan dadin konpromisoak eta ardurak konpartitu behar dituela. Horrela ulertu du beti. Eta oraingo hauteskundeei begira ere, horretan saiatuko da. Izan ere, bizi dugun egoeran gako nagusienetakoa horixe da, indarrak metatzea Euskal Herriaren eraikuntzaren eta aldaketa sozialaren bidean. Ezker abertzalea herriko beste alderdi politiko eta sozialekin elkarlanean jarduteko prest dago Ordiziako Udalean ere aldaketa eragiteko.

Ez da gutxi egiteko duguna. Eta denon konpromiso eta lana da beharrezko horretarako. Aldaketan eragin nahi baduzu, informatuta egon nahi baduzu, parte hartze aktiboa izan nahi baduzu, zatoz datorren larunbatean, hilak 19, Barrena Kultura-etxean ospatuko den Herri Batzarrera.