Ez bota zakarrontzira, irakurri eta ondorioak atera

Ordizian bertan

Ezker abertzaleari Udal propagandako azken folletoa eskandalu hutsa eta, aldi berean, interesgarri iruditu zaio. Eskandalua, diru publikoarekin Alkateak bere burua zuritu eta propaganda egiten saiatzen delako (ale hori bakarrik 3.500 euro kostatu da) eta berriz ere gaztelera nagusi delako. Eta interesgarria herritarrok bertan esaten dena errealitatearekin alderatzen badugu, ondorio garbia aterako dugulako: Udalean aldaketa behar dugula.

Begira, 2011ko aurrekontuetan Gobernu Batzordearen atalean 31.825 euro aurreikusten dira aldizkarirako, 8.540 telefonorako, 14.250 protokolorako, 6.650 propagandarako, 5.000 “gastos no deseados”, 1.500 “diversos”, 5.000 “desplazaminetos y comidas de alcalde y concejales”… Horrez gain, Alkatearen soldata 60.595,92 +seguritate soziala 12.491,40, eta propagandarako teknikariaren soldata (34.478+11.384), "partaidetzarako laguntzailearena" (24.849+8.053)… Aldizkaria “motoa saltzeko” tresna baino ez da. Herritarroi ez digu informazio erabilgarririk ematen, ez da ez herritarrentzako ez oposizioarentzako tresna… Hasieratik PSOE-PNVren tresna hutsa da, eta orain tresna elektorala. Aurpegia garbitzeko halako beharra badute, ordain dezatela beren poltsikoetatik!

Edukiei dagokionean, berriz, merezi du arretaz irakurtzea. Kuriosoa da ikustea Ordizian Gaur aldizkarian agertzen diren gaiak direla ezker abertzaleak otsailaren 26an aurkeztu zuen diagnosian eta agintaldiaren balorazioan agertzen ziren berberak. Batek esango luke, aldizkarian saiatzen direla zuritzen diagnosi horretan, web orri honetan eta herrian bertan egiten zaizkien kritikak. Berriro, itxurakeria eginez, propaganda ariketa hutsa. "Dime de qué presumes y te diré de qué careces". Gu hainbat gaitan fijatu gara:

  • “Lau urte hauetan herritarren eta Udalaren arteko hesia hautsi nahi izan dugu. Pertsonekin eta taldeekin hartu-eman zuzenean lan ildoak finkatzea izan da gure helburu nagusienetako bat”. Gezur lotsagabea. Zertaz ari da? Alderdirik bozkatuena baztertuta mantentzeaz (ANVk 1.100 botu, PNVk 898)? Oposizioaren gain “rodilloa” pasatzeaz? Oianguz? Osoko Bilkurak ezkutuan egiteaz? Batzordeen inoperantziaz?
  • “…destacaría el volumen ingente de actividades desarrolladas en los distintos ambitos, planteados siempre desde la cercanía. Máximo exponente de ello es el inicio y el consiguiente desarrollo del proyecto de San Joan”. Baina Udal ekimenaren bandera izan nahi zuen egitasmo hau martxan jarri zen benetako beharren neurrira diseinatu gabe, eta orain arazo larriak ari zaizkigu ekartzen. Hara batzuk:
  1. Udaleko teknikariak ere egitasmoa Esarbe enpresaren esku uztearen aurkako ziren (edozein operazioaren %6a eramaten du PNVtik gertu den enpresak. Urbanizazio soiliagatik 600.000 euro).
  2. Krisi inmobiliarioaren hastapenetan martxan jarria, hainbat arazo larri ditu: hilerri pareko blokearen eraikuntza bera geldituta dago (konstruktoreak utzi ala saldu egin du); haserako egitasmoaren handikeriak eta ondorengo krisiak zailtasun larriak jartzen ari da garapenean (herrian 600dik gora etxebizitza huts ditugu)…
  3. Obrak eta haien jarraipena kaos hutsa dira, bertako bizilagunek salatzen dutenez.
  4. Babes ofizialeko etxeak erosteko Udalak onartuta zituen hainbat gazte, jada dirua aurreratuta zuten, eta orain Jaurlaritzak atzera bota ditu.
  • Skate pista. 300.000 euro. Guk hainbat galdera baino ez ditugu botako. Lehentasunezkoa al zen? Ez al da premia larriagoko arlorik herrian, esaterako kultur ekipamenduak? Kontrastatu al zen ez erabiltzaile potentzialekin bakarrik, baizik eta gazteekin aztertzeko zein behar dituzten?
  • Europatik eta Zapatero planetatik etorritako dirua gastatu gastatu da. Majo gainera. Hogeita hamar urte behar izan dituzte Malkaskoko zubia egiteko, eta urte betean hiru zubi. Dirutza izugarriak kirol arloan, dirua alperrik bota Oiangun… Baina ikuspegi estrategikorik gabe.
  • Kuriosoa da aldizkari honetan orain gazteriari halako tartea eskaintzea. Gaztelekuz haratago (gainera, hura dinamizatzeko herriko gazteak kontratatu beharrean, kanpoko enpresa bat du kontratatuta Udalak), Udalak gazteak ez ditu ikusi ere egin nahi. Ez entzun eta ez laguntzeaz gain, hainbatetan zigortu (txoznak) eta salatu ere (duela bi urte ertzainek eragindako liskarretan) egin ditu. Ondo funtzionatzen duen Gazte-bulegoa, gazteen artean onarpen handia duena, ez du promozionatu eta indartu nahi izan. Eta orain kirol arlorako kontratatuko teknikari batekin ez dakitelako zer egin, eta itxura batean, Alkatearen gustukoa delako, halako egitasmoa saldu nahi digute, gazteak eta gazte teknikariak aintzakotzat hartu gabe. Izan badira beste hainbat perla. Baina horiek beste baterako utziko ditugu.