Martxan da Korrika kulturala Ordizian

Ordizian bertan

Korrikaren 17. ekitaldiak egitarau betea ekarriko digu Goierrira, eta Ordizian, martxoaren 19tik apirilaren 14ra, emanaldi kulturalez josita izango da herria. Denetik ikusi ahalko da ia hilabete iraungo duen Korrika kulturalean, eta gogoratu, apirilaren 13an Ordiziatik pasako da euskaltzalez jositako tropela! Ordizian, Goiztiri euskaltegiaren eskutik, martxoaren 19an izango da Korrika 17rekin lotuta lehenengo ekitaldia. Mus-txapelketa jokatzeko aukera ekarriko du Korrikak Ordiziara. Txapelketa 15:30etan hasiko da Plaza Nagusian, eta ondoren, 22:00etatik aurrera Gaztetxean, La mexicana clandestina eta Erribera taldeak arituko dira larunbat gaua girotzen.

Apirilaren 3an, kuestazioa egingo da Bustuntza auzoan. Zer da kuestazioa? Ekimen baten aldeko diru bilketa da, kasu honetan Korrikaren aldekoa. Izan ere, eta tamalez honela izan behar ez balu ere, euskararen geroa kinka larrian dugu oraindik Euskal Herrian, batik bat, Nafarroan eta Iparraldean. Honengatik guztiagatik dirua biltzeko ekitaldia egingo da Bustuntza auzoan. Diru-bilketaren harira, aipatu, Korrikaren kamisetak egongo direla salgai asteazkeneroko ferian, martxoan, eta Beasainera joanez gero, Herri Dendan egongo dira salgai ostiralero eta larunbatero 18:00etatik 21:00etara. Gainera, Korrikaren webgunean ere Internetez erosteko aukera dago.

Apirilaren 6an film laburren emanaldia egongo da ikusgai Ordiziako Herriko Antzokian, 19:30etatik aurrera.

Aste horretan bertan, baina ostiralean, apirilaren 8an, eskualdeko afariaren lekuko izango da Ordizia: pintxoak, elkarte gastronomikoen arteko lehiaketa, afaria, sariak eta erromeria trikitilariekin.

Hurrengo egunean, apirilaren 9an, korrika lasterketa berezia egingo dute, izan ere, Beasaindik hasi eta Ordiziaraino korrika atzeraka egingo dute.

Apirilaren 13an, Korrika Ordiziatik pasatuko den egunean, ikastetxeetan Korrikarekin lotutako jolasak egingo dituzte, eta txikienek ere gozatu ahal izateko, haiei zuzendutako korrika ere egingo dute kalean.

Ordizian Korrika kulturalari amaiera emateko, apirilaren 14an, Zurrumurruka taldeak "Txurrimurri eta Morritoston" izeneko lana antzeztuko du Plaza Nagusian, 17:30etan.

Dena dela, hori Ordiziari dagokion egitaraua besterik ez da, Goierrin beste hamaika ekitaldi izango dira Korrika kulturalaren egitarauaren baitan. Horien berri izateko, Goiztiriren blogean dago egitarau osoa.

Ibilbidea

2011ko apirilaren 7an Trebiñun, hain zuzen ere, hasiko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. 11 egunez gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamazazpigarrenez, apirilaren 17an Donostiara heldu arte."Maitatu, ikasi, ari… euskalakari" lelopean, bi mila kilometro baino gehiago egingo ditu Korrika 17k, gau eta egun gelditu gabe.

Hiriburuetako ordutegiak: IRUÑEA, apirilak 8 (ostirala), 19:00. BAIONA, apirilak 11 (astelehena), 22:40. MAULE, apirilak 12 (asteartea) 08:30. DONIBANE GARAZI, apirilak 12 (asteartea), 12:50. GASTEIZ, apirilak 14 (osteguna), 18:00. BILBO, apirilak 15 (ostirala), 16:45. DONOSTIAn apirilaren 17an (igandea) egingo ditu azken kilometroak Korrika 17k. Euskararen aldeko lasterketa 9:30ean sartuko da Donostiako kaleetan eta 13:00etan ekitaldia egingo da (goizetik gauera ikuskizunak egongo dira: Euskalaketa lehiaketaren finala, kontzertuak, umeentzako ekintzak, besteak beste).