HERRIA abian, aldaketa sozialaren alde

EH ezkerretik eraikiz

Larunbatean, martxoaren 26an, aitzakia polita izango dugu goierritarrok Tolosan  festaren aitzakiarekin HERRIA abian Plataforma zertxobait gehiago ezagutu, eta haren asmo eta ekimenei gure babesa adierazteko. Izan ere, plataforma hau geure eskualdean oso zabaldua ez badago ere, geurean ere langile eta langabeek, gazte eta pentsiodunek, emakumeek, baserritarrek… bat egiten dute HERRIA abian Plataformaren aldarrikapen eta ekimenekin.

HERRIA abian aldaketa sozialaren alde eratutako ezkerreko plataforma herrikoia da. Bere helburu nagusiena krisiaren aitzakiarekin herri sektoreak Euskal Herrian ere (langileak, langabeak, pentsiodunak, gazteak, emakumeak, etorkinak, nekazariak.e.a.) jasaten ari garen erasoaldi atzerakoiari aurre egitea da.  Herri sektoreok uko egiten diogu espekulatzaileek euren diru-goseaz sortu duten krisia ordaintzeari. Iragartzen eta nolabait ere martxan jartzen ari diren “kapitalismoaren birfundazio” horren aurrean, bada eredu ekonomiko eta sozial alternatiborik, eta bera eraikitzeari ekin behar diogu.

Zentzu honetan, eta bizi dugun momentuan, berebiziko garrantzia du herritarrak antolatzeak, bakoitzak bere esparruan, bere sektorean, gusturago dagoen eragilean dinamika errealak sortuz eta bultzatuz. Bakoitzak bere tokitik eredu ekonomiko honen aldaketa sakonaren beharra eta horretarako herri honek behar dituen tresnen aldarrikapena bultzatu behar ditu. Horretarako garrantzitsua da eskualde, herri eta sektore  guztietan dinamika errealak sortzea.

HERRRIA abian plataformak honako helburu hauek betetzeko tresna izan nahi du:

  • Eredu kapitalista auzitan jarri eta bestelako Euskal Herria baten alde egitea. Guk ez dugu nahi kapitalismoa birfundatzerik, ereduaren aldaketa baizik.
  • Aldaketa hori gauzatzeko Euskal Herriak behar dituen tresnak aldarrikatzea.
  • Egungo eredu ekonomikoak langileontzat dakartzan kalteak eztabaida sozial eta politikoaren lehen planoan kokatzea.
  • Aldaketa sozial horren funtsezko elementuak identifikatzea, gizarteratzea eta horren aldeko indar metaketa bultzatzea, Euskal Herrirako herri alternatiba osatuz.
  • Kisiaren aitzakian patronalak nahiz Gobernuak hartzen ari diren neurriak salatzea eta Euren krisia eurek ordaindu dezatela! ideia herritarren artean errotzea.
  • Egungo egoeraren arduradunak argi eta garbi identifikatu eta interpelatzea:patronala, Gobernuak, banketxeak, espekulatzaileak…
  • Aurreko guztia bideratzeko, herri sektoreen antolaketa eta mobilizaziorako esparruak irekitzea.

Helburu horiek lortzeko, Plataformak funtsean honako ekimen hauek burutzen ditu: lan ideologikoa (prentsa, propaganda lana, hitzaldiak, jardunaldiak…), eta herri mobilizazio eta ekimen puntualak (tokian tokikoak nahiz nazio mailakoak eta esanguratsuak izango direnak: banketxe, instituzio eta abarrak interpelatzeko).