Egin eta ondo egin, ez dira gauza bera

Udal txinpartak

Arrazoia du Alkateak esaten duenean Udalak hainbat gauza egin dituela. Ez dugu ezetz esango. Frankok egin ere, egin zituen makina bat urtegi. Itoiz egin ere, egin zuten. Etxeak egin eta egin jardun dute; orain krisia eragin dute. Errepideak egin ziren, trenbideak kenduz; orain AHTa egin nahi dute, eta errepide gehiago. Hemen kontua ez da egitea, baizik eta zer egiten den, zertarako, noiz zer egin behar den jakitea, nola eta norekin erabakitzen den zer egin…

Begiratu aurreko lau urteetara. Gogoratu zein jokaera izan duen Udalak herritarrekin; gogoratu zer egin duen, zer gastatu duen eta zertan; gogoratu, esaterako, Oiangu… Eta pentsatu zein hutsune ikusten dituzun zeuk bete gabe, zein lehentasun dauden herrian, zergatik ez diren horiek aztertu herriko talde eta herritarrekin batera. Aurreko hainbat idatzi eta karteletan salatu dugu Udala ez dela gauza baliabideen kudeaketa egokia egiteko. Izan ere,

  • Udalak ez du kudeaketa lanik egiten, eta ondorioz egitasmoak ez dira behar bezala burutzen eta inoiz baino kontratatzio gehiago egiten da Udaletik kanpora.
  • Egitasmoak ez dira modu efizientean burutzen, hau da, jartzen diren baliabideak eta aurrekontuak jarrita ez dira behar bezalako ondorioak lortzen.
  • Udalak ez du ikuspegi estrategikorik eta ez da gauza prestatzeko hainbat urtetarako egitasmo eta aurrekontuen planik herriak dituen hutsuneak betetzeko.
  • Bestelako itxura eman nahi arren, kudeaketa itxia da, herriko eragile eta herritarrei bizkarra emanda egina.

Hara horren guztiaren hainbat adibide:

  • San Juan garatzeko Udalak Ordizia Lantzen elkartea osatu zuen, teknikarien iritziaren aurka. Prest zeuden kudeaketa hori egiteko, eta behar izanez gero teknikariren bat kontrata zitekeen. Orain ESARBE enpresak (PNVtik gertu denak), edozein operazioren %6a eramaten du. Urbanizazioa 10 miloi kostatzen delarik, 600.000 euro. Horrez gain, egitasmoaren garapenean hainbat arazoa ematen ari dira: hilerri pareko etxearen obrak geldirik daude; herrian 600dik gora etxebizitza huts izanda ez dago garbi garapena bera eta etxeen salmenta; higiezinen arloan ematen den krisia eremu osoaren garapena arriskuan jartzen ari da eta zailtasun handiak eragiten; jada dirua jarrita zuten hainbat gazte orain Jaurlaritzak kanpoan utz iditu; obrak erabateko kaosa dira…
  • Apellanizen operazioa gaizki kudeatzeagatik, bere garaian udal biltegia galdu zen, eta orain urtero 90.000 euro gastatzen ditu udalak alokairutan. Arkarte aldean ez dugu biltegi berririk kudeaketa lanik ez delako egiten...
  • CAFeko lurretan skate pista egiteko 300.000 euro gastatuko dira. Argudio bakarra Zapatero planetatik datorrela dirua. Ez dute pentsatu ere egin lehentasunezkoa ote den. Ez dute herriaren ikuspegi estrategikorik, ez dute gazteekin kontratatu zein behar eta lehentasun dituzten…
  • Urte luzeetan kirola lehentasunezko eremua izan da inbertsioetan. Baina hauek ere ikuspegi estrategikorik gabe egin dira, eta mantenuan izango duten karga aintzat hartu gabe (670.000 eurotik gora urtero). Bitartean, kultura eta euskaran, esaterako, ez da lehentasunik finkatzen, hutsune nabarmenak izan arren. Honela, azpiegitura, lokal eta baliabideetan gabezia handiak ditugu, ez baitugu erabilira anitzetarako azpiegitura funtzionalik.
  • Aurrekontuak ez dira zorroztasunez prestatzen eta kudeatzen. Prestaketa ez da egiten egitasmo erreal eta neurtuen gainean, eta ondorioz gastua ere ez da kontrolatzen. Arrazoi horrengatik, ez ohiko neurria dena aurrekontu batzuen kudeaketan (kreditu gehigarriak eta kreditu aldaketak) ohikoa bihurtu da Udalean. Urtero zazpi bat izaten dira. Ehunka milaka euro.
  • Jakina, ezin dugu ahaztu Oianguko auzia, inposizioaren, zentzugabekeriaren, alferrikako gastuaren, burugogorkeria politikoaren… paradigma.