Larunbatean, martxoak 19, korrikaren aldeko eguna gaztetxeak antolatuta

Gazte eta aske

Beti esan izan dugu Gazte asanblada itxia ez dela, laguntza eskatu ez gero, ahal den neurrian laguntza emango dugula eta hona hemen adibide bat. Laster Korrikaren 17. edizioa hasiko da Euskal Herrian zehar pausuak ematen eta honi gure bultzadatxoa emateko, Korrika kulturalaren barruan, zapatu honetan Mus txapelketa eta kontzertuak antolatu ditugu.

 

Gipuzkoako 1. Mus txapelketaren kanporaketa Ordiziako plaza nagusian burutuko da, arratsaldeko 3etan hasiko da inskripzioa eta 4etan partida. Bikote bakoitzak 12 euro ordaindu beharko ditu parte hartu ahal izateko. Giro alaiarekin jarraitzeko, arratsaldeko 19.00etan dantza ikastaroa jasotzen ari diren gaztea eta trikitilariak etorriko dira trikipoteoa egiteko kaleetan zehar. Musika, edariak, giro ona eta izugarrizko sariak izango dira!

Horren ondoren, Gaztetxean gaueko 10etan 3euroren truke, La Mexicana Clandestina eta Erribera taldeak izango ditugu entzun, ikusi eta dantzatzeko. La Mexicana Clandestina Gazteizko gazte batzuk osatzen duten musika taldea da, non kideen helburua, autoprodukzioaren bitartez, dituzten ideia musikal eta poetikoak gauzatzea da, baita beste kultura batzuekin elkartrukeak egitea ere. Erriberakoak berriz, Madrildik datoz, denak erdaldunak dira, inork ez daki euskaraz, baina hala ere gure hizkuntzarekin duten sentsibilizazioagatik eta hemengo musikaren influentziaren ondorioz, euren musika osatzen duten hitz guztiak euskaraz dira, harrigarria, ezta?

Beraz, asteburu honetan ere ondo pasatzeko eta denona den hizkuntzaren alde egiteko aukera izango dugu. Eta gogoratu, Euskararen aldeko Korrikaren 17. edizioa Trebiñutik Donostiara, Apirilaren 7tik 17ra igaroko dela eta Ordiziarrok arineketan ipintzeko aukera Apirilaren 13ko goizeko 10etan izango dugula! Maitatu, ikasi, ari...euskalakari!