Euskal baserrien etorkizuna, Basherriaren eskuetan akaso?

Iritziak

Egungo gizartearen dinamika erabat urbanita bihurtu da azken urteetan, generazio berriak kalean jaio eta kalera ezkontzen dira, belaunaldi zaharragoen bizimodua bazterrean utziz. Geroz eta gutxiago dira euren bizitza baserrira moldatzen duten pertsonak eta sektore hau maldan behera doa frenorik gabe.

Egoera hau hein handi batean baserriko bizimodu gogor eta sakrifikatuari egotzi geniezaioke, baita merkatuak eta bitartekariek bertako produktuei ematen dieten balio urriari ere.

Gizarteak berriz, geroz eta gehiago eskatzen ditu lehen mailako produktuak, baratzetik atera berriak, freskoak eta transgenikoetatik libre egongo direnak. Geroz eta mundu globalizatuago honetan, bertako eta kalitateko produktuek oraindik badute euren lekua supermerkatu handien ondoan. Kontsumo-talde deritzotenen dinamiken eskutik geroz eta jende gehiagok jotzen du produktuak saltokietatik kanpo erostera.

Anbibalentzia honen aurrean hainbat talde martxan jarri dira baserrien biziraupena bermatu ahal izateko, euren artean Basherria, Gipuzkoan barazki eta bestelako auto-hornikuntzarako sortutako Talde eta kooperatiba ezberdinek osatutako baserritarren  eta herritarren mugimendua. EHNEren (Euskal Herriko Nekazari Elkartearen) hitzetan, talde hau gaur egungo elikadura sistemari aurre egiteko sortuko litzateke. Honen bidez baserritar berrien prestakuntza bermatu, ekoizle eta herritarren arteko harremana bultzatu eta bertako produktu ekologikoen kontsumoa sustatu nahi da besteak beste.

Gipuzkoako EHNE sindikatuaren eta Biolurren (Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Elkartearen) aburuz, baserrien biziraupena salmenta zuzenean legoke. Salmenta zuzenaren bidez bezero eta baserritarraren arteko harremana indartzen da, bezeroak konfiantza igortzen dioten produktuak bereganatzen ditu eta baserritarrak soldata finko bat ziurtatzen du, bitartekariek sortzen dioten galerarik gabea. Horretan dihardu Basherriak taldeak eta horretarako sarean eskuragarri  du bere bloga, bezero-saltzaile harremanak errazte aldera.

Gipuzkoan eta Goierrin nahiko mugimendu berria den arren, Basherria pixkana hedatuz doa. Gipuzkoan baditu hainbat talde, hala nola, Aiztondo, Usurbiltzen, Azpeitiko Taldea, Tolosakoa… eta laster beste hainbat batuko dira. Goierrin ere mugimendu honek eman ditu bere lehen pausuak, honen adierazgarri Beasainen martxoaren 10ean egin zen bilera.

Hurrengoa Ordizian ote?