Badatoz 2011ko Askapenaren Brigadak

EH ezkerretik eraikiz

Brigadak izena Estatu espainiarreko gerra zibila deritzonean (gerra  zibila baino klaseen arteko gerra izan zen) parte hartu zuten brigada  internazionaletatik dator. Brigada hauetan 54 estatutako ia 60.000  boluntariok hartu zuten parte, II. Errepublikaren defentsan faxismoaren  aurka. Horietako 15.000 lagun hil zirela kalkulatzen da,  internazionalismoaren eredu ezin hobea izanda.

Euskal Herrira bueltatuz, brigada terminoa Nicaragua sandinistara joan  ziren euskal internazionalistak izendatzeko erabiltzen hasi zen, 80.  hamarkadan. Momentu horretan, Iraultza boterera heldu ostean,  inperialismoaren erasoa hasi zen, batez ere Contra-ren bidez.  Testuinguru horretan euskal mugimendu internazionalista sortu eta  antolatu zen. Hasiera batean, Euskadiko Elkartasun komiteen  koordinadora sortu zen eta elkartasuna Nicaraguara bideratuta zegoen  (gero Guatemala eta El Salvador-rera ere bideratuko zen), Frente  Sandinista de Liberación Nacional zalantzarik gabeko erreferente  iraultzailea izanda. Bazegoen itxaropena Iraultza hori Ertamerikara  eta haratago zabalduko zela. Ekimen ezberdinen artean (diru eta  materialen bilketa hara bidaltzeko, kontzientziazio kanpainak,  mobilizazioak...) milaka euskaldun joan zen Nicaraguara brigadista  bezala. Haien eginkizunen artean, hango esperientziaz ikasteaz gain,  "armarri" bezala aritzea zen, atzerritarrak izanda arriskupean zeuden  hango borrokalarien ondoan egotea.

Aipatzekoa da, euskaldun internazionalista batzuk El Salvadorren egon  zirela borrokatzen eta kasu batzuetan beren bizitza han utzi zutela,  euskal internazionalismoaren erreferente bihurtuaz: Pakito Arriaran,  Begoña García (Alba), Marta González (Begoña).

Askapena, 1987an Elkartasun komite horietatik sortu zen. Askapenak bere ezaugarri antiinperialista berretsi zuen eta, hainbeste  urtez prozesu batera (edo gutxi batzuetara) zuzenduta egon zen eta  elkartasuna  beste prozesu batzuetara irekitzen hasi zen: Kuba,  Palestina, Ekuador, Sahara, Irlanda, Korsika, Andaluzia... Honekin  batera brigaden norakoak zabaldu ziren.

Askapenaren internazionalismoa

Askapenaren internazionalismoaren oinarria joan-etorriko elkartasuna  da, eta hori da Komiteetatik Askapena sortzearen arrazoi nagusia.  Ikusten zen ez zela koherentea beste herrien zapalkuntza salatzea eta  beren borroka askatzaileak defenditzea  aldi berean EHren  zapalkuntzari so ez egitea, eta EHren aldeko elkartasuna ez lantzea.

Aurtengo brigadak

Azken hausnarketaren ondoren gai konkretu batzuei garrantzi berezi bat  eman behar ziela ikusi da, Euskal Herrian irekitzen ari den aro berri  honetarako ikasgai modura balio dezakeelako:

  • Alternatiba sozio produktiboak
  • Demokrazia parte hartzailea-herri antolakuntza
  • Memoria historikoa
  • Jatorrizko herriak
  • Palestina: boikota eta ez-inbertsioak


Munduko herriek zein langileek gure beharra daukatelako eta nola ez guk ere beraien beharra daukagulako, ezin dugu elkartasun katea eten eta Brigadatan zein egunerokotasunean inperialismoaren basakeriak  salatzen jarraitu behar dugu.

Ordizian aurkezpena

Martxoak 25ean, ostirala, 19:00etan "ZAPATISTAS CRONICA DE UNA REBELION" dokumentala ikusgai ikusgai izango da Gaztetxean eta honekin batera 2011ko Askapenaren Brigadak aurkeztuko dira.

ANIMATU ETA ETORRI GUREKIN!

Info gehiago: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu