Lan erreformaren aurkako errezeta: independentzia

EH ezkerretik eraikiz

Azken hiru urte eskaseko epean, langabezia %94,62 hazi da Goierrin Behean. 2008ko urtarrilean 1.079 langabetu genituen, eta 2010ko abenduan 2.100. Goierri Garaian, berriz, epe berean, 734 langabetu izatetik 1.485 izatera pasa gara, hau da, %102,31 igo da langabezia. LAB sindikatuak berriki Euskal Herriaren 2010 urtearen egoera ekonomikoaren azterketa egin du. Bertatik ondorio garbi bat atera daiteke: Euskal Herriak independentzia behar du. Krisiari aurre egiteko, herri sektoreak babesteko, zerbitzu publikoak bermatzeko, bertan erabakitzeko geure etorkizun ekonomiko eta soziala...


2006ko maiatzean, Gobernu espainolak eta Alderdi politikoek CCOO eta UGTren laguntzarekin “Espainiako ekonomiaren arazo nagusia den langabeziari irtenbidea emango ziokeen” Lan Erreforma martxan jarri zuten. Errezeta majikoa: kaleratzeak merketu “enplegu gehiago sortzeko”. Hala ere, euskal gehiengo sindikalak eta estatuko eragile sindikal minoritario batzuk aurrez azaldu bezala, Erreforma honek lortu duena zera izan da, egin diren kontratu berrietatik %10a bakarrik izatea mugagabekoak, eta batez ere, patronalak bere etekinekin aurrera jarraitzea produktibitatearen arazoari jaramonik egin gabe.

Beranduxeago “Krisia” iritsi zen, politiko eta bankariek beraren kontra ezer egin ezin litekeen naturaren indar ikaragarri bat bezala aurkezten digutena. Ezin dela ezer egin? Gastu publikoa murriztu, milaka milioi euro eman krisia sortu dutenei,... hori bai, hori egin liteke eta honela heldu ginen 2010eko Ekainean aurkeztu ziguten “hartu beharreko neurrien” txostenera. PSOEren baiezkoarekin eta PNV eta CIUren abstentzioarekin (hau da, beraien babesarekin, beraien klase interesak eta euskal patronalaren interesekiko duten koherentzia azalduz) erreforma onartzen zen bitartean, estatu espainoleko sindikatuek iraileko greba orokorrarekin jolas egin zuten, “Erreforma” onartu eta 3 hilabetera.

“Erreforma” honek gero eta neurri atzerakoiagoak dakartza, “Pentsioen Erreforma” deitutakoarekin ikusi izan dugun bezala. Langileriarentzat eraso berri bat bezala ikusten dugun hau, CCOO eta UGTk onartua izan da eta honekin batera uste dugu “klase” sindikatu bezala gelditzen zitzaien apurra ere lurperatu egin dutela. Diren bezalakoak azaldu dira oraingo honetan: beraien biziraupena bermatzeko edozer gauza sinatzeko gai diren funtzionario eta liberatuen egitura haundi bat direla erakutsi digute. Ahaztu egin zaie zertarako sortu ziren: langileen eskubideak defendatzeko alegia.

Baina patronala asezina da eta orain hirugarren atalarekin dator: negoziazio kolektiboaren erreforma. Honekin, gaur egun dugun erabakitzeko ahalmen apurra ere kendu egin nahi digute gure lan baldintzak Madrilen negoziatuz eta bide batez soldaten jaitsiera lortu “produktibitatearekin lotuz”.
Espainiar ekonomia hondoratzen ari da eta guk ez baditugu gure neurriak hartzen, berarekin hondoratuko gaitu. Guk gure ekonomiari eutsi eta gure joku arauak ezarri behar ditugu. Euskal Herri bezala bizirauteko beharrezkoa dugu.