Bai, bai, bai, esan; ez, ez, ez, egin.

Ordizian bertan

San Joango obrak direla eta kexa behin, bitan eta hirutan. Lehenengoan, axolagabekeria; bigarrenean, utzikeria eta hirugarrenean, lotsagabekeria. Udalak ez baititu herritarrak aintzakotzat hartzen, eta ez baitu obren jarraipenik eta kontrolik egiten.

Lehenengoan San Joango bizilagunek obren inguruko kezkekin idatzi zioten Udalari: seinalizazio egokirik ez dagoela; kamioak noiznahi eta edonondik ibiltzen direla; bazterrak oso zikin daudela eta zaborra nonahi botatzen dela… Bigarrenean, Alkatea bera joan zen San Joanera eta bizilagunekin egon zen. Kexak entzun zituen, eta ohi duen bezala bai, bai, bai… esan zuen. Hirugarrenean, ezker abertzaleko hautetsiek kexak eraman zituzten Udaleko Batzordera, eta han ere bai, bai, bai entzun zuten: badugu horren berri, horretan ari gara, obrak oraindik bukatu gabe daude…

Baina ez da inolako aldaketarik egon. Eta bizilagunak, kexati ez ezik, haserre daude. Udalak eta Alkateak, tontotzat hartzen dituztela uste dute,  bai, bai, bai esan arren, ez dutelako obren jarraipenik egiten. San Joango obretan kaosak jarraitzen du  nagusi izaten eta gauzak gaizki egiten jarraitzen dute. Horren adibide berria honako argazki hauek dira. Bertan ikusten denez, obrak ez dira behar bezala bukatzen ari:  lorategi edo gune berdea izan beharko luketen espazioak ez dira behar bezala bukatzen ari eta ez dakite zer egingo duten bertako errekatxoarekin;  zaborra besterik gabe lurrez estaltzen ari dira eta gainean itxura egiteko belar hazia botatzen…