Eta orain? Ekin eta egin!

Egoera politikoa

Auzitegi Gorenak hartu du bere erabakia. SORTUri alderdi moduan erregistratzeko aukera ukatuz, ezker abertzalearen bidean sasiak eta trabak jartzea erabaki du. Espero zitekeen halakorik. Jakin badakite, ordea, lehenago edo beranduago legeztatu beharko dutela, eta modu batera edo bestera, ezker abertzalea presente egongo dela beti Euskal Herriko bizitza politiko eta sozialean.

Izan ere, ezker abertzaleak berak erabakia du nora joan nahi duen, eta baita nola ere. NORA erabakia du, euskaldun eta ezkertiarren azken helburuak independentzia eta euskal sozialismoa direlako. Eta NOLA ere erabakia du, badakielako zein eremutan den estatua ahulen, hain zuzen ere, konfrontazio demokratikoaren esparruan.

Horixe, eta ez beste ezer, da arrazoi nagusia SORTU ez legeztatzeko. Beldur dira esparru erabat demokratiko batean, Euskal Herriak bat egingo duela egitasmo independentistarekin. Eta horregatik, ahalegin guztiak ari dira egiten esparru demokratikoari  ateak ixteko. Horretarako prest daude eskubide zibil eta politikoak zapaltzeko, prest zuzenbide estatua delakoa perbertitzeko, prest botere banaketa ez dela existitzen nabarmen uzteko, prest beraien egitura juridikoan ere onartu beharrekoa denari ateak ixteko… Azken finean, askotan esan dugun moduan, Euskal Herriarekin duten gatazka  estatu gatazka baita.

Egoera honek, ordea, estatuaren ahulezia baino ez du agertzen. Egia da ahulezia horren ondorioz hartutako erabakiek prozesu demokratikoan eta bake bidean oztopoak baino ez dituela jarriko. Egia da gugan kezka eragin dezakeela. Baina era berean, aukera garbia da ezker abertzalearen apustu estrategikoa indartzeko.

Badira bi arrazoi nagusi esateko orain ere aukera ona izango dugula ezker abertzalearen apustu estrategiko hori indartzeko. Bata, berriro ere agerian geratzen dela espainiar estatuaren benetako izaera, egungo marko politiko-juridikoaren agorpena eta esan bezala, eskubide zibil eta politikoen ukazioa. Eta bestea, neurri hauekin abertzale, soberanista eta ezkertiarren arteko indar metaketa bultzatzea baino ez dutela lortuko.

Beraz, Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondoren, ezker abertzalean ez dago tokirik ez frustrazioarentzako, ez eta estrategia berriaren indarra zalantzan jartzeko. Estatuaren ezintasunaren aurrean, gure bidea da konbikzioa, konpromisoa eta irmotasuna, eta herritarren babesa. Hurrengo asteotan izango du bai, ezker abertzaleak, bide horretan urrats gehiago emateko aukera.  Eta herritarrok urrats horiei babesa ematekoa.