Korrikaren aurretik, "beroketa ariketak"

Ordizian bertan

Korrika hasia da bere lehen pausoak ematen. Oraingoz, "beroketa ariketa" batzuk baino ez ditu egin, apirilaren 7tik 17 bitartean egingo dituen kilometroetarako prestatzeko helburuarekin. Korrikalari orok badaki, ordea, lasterketa bera ongi egiteko zein garrantzitsua den aurreko beroketa ariketak ongi egitea. Denon esku dago Korrika ongi berotzea.

Herri honetan korrikaldi luzeak egin ditugu, egiten ari gara eta egin beharko ditugu. Gauza jakina da denetan ezin dela marka egin. Eta gauza jakina da era berean hainbat faktorek eragiten duela emaitzetan: korrikalariaren forma edota sasoia, inguruan animatzen dagoen jendea, antolaketak, giroak…

Apirilaren 7tik 17ra bitartean izango dira Korrikaren 17. edizioaren egunak. Garrantzitsua izango da oso, egun horietan Euskal Herri osoan antolatzen diren ekitaldietan jendeak parte hartzea eta arrakastatsuak izatea. Lasai asko joka dezakegu lepoa hala izango dela.  Baina egun horien aurretik geure herrietan antolatzen diren ekimenei ere beren garrantzia eman behar diegu. Batetik, begirada laburrean, Korrika berarentzako giroa berotzeko beharrezkoak direlako. Eta begirada luzexeagoarekin, garrantzitsuak direlako gure herrietan euskalgintzan beharrezkoa den tentsioa eta herri mugimendua mantentzeko.

Horregatik, oraingo honetan aitortu beharrean gaude martxoaren 19an Gaztetxeak antolatutako Korrikaren aldeko egunean, Plaza Nagusian jokatu zen mus txapelketaren kanporaketak ez zuela behar adinako parte hartzerik izan. Ilusioz prestatu zen ekitaldia, hainbat lagunek lan oso polita egin zuten, baina emaitza ez zen izan espero zitekeena.

Esan bezala, ezinezkoa da lasterketa guztietan, antolatutako ekitaldi guztietan,  marka egitea. Baina garrantzitsua da lasterketei gogoz ekitea. Ziur gaude Ordizian antolatuko diren gainontzeko beroketa ariketetan, eta apirilaren 13ko lasterketa egunean, markak hautsiko ditugula. Ekintzetan parte hartuz, pausoz pauso, EUSKALAKARI.

Gogoratu, beraz, Korrika kulturalak Ordizian antolatu dituen ekitaldiak izango ditugula datozen egunotan, egitaraua hemen duzu eskuragarri.