Legalizazioaren aldeko manifestazioa deitu du Gernikako Akordioak apirilaren 2rako

Egoera politikoa

Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiaren aurrean, Gernikako akordioaren sinatzaileek manifestazioa deitu dute Euskal Herrian normalizazioa. Legalizazioa orain lelopean, Bilbon, apirilaren 2an, 17:30ean Casillatik abiatuta.

Josu Murgiak (Aralar) eta Amaia Agirresarobek (Alternatiba), akordioa sinatu zuten eragile guztien izenean, horrelako erabakiekin "estatuak Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesua zapuztu " nahi duela adierazi dute. Hori dela eta, gizarte osoari deialdia egin diote ireki berri den prozesuan parte hartu eta "motore" papera bete dezan. Horretarako, lehen pausoa, datorren apirilaren 2an, Bilbon, burutuko den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Sei hilabete igaro dira dagoeneko Gernikako Akordioa sinatu zutela. Besteak beste, egungo kartzela-politika amaitzea, presoak Euskal Herrira ekartzea, gaixotasun larriak dituzten presoak libre uztea eta arrazoi politikoetan oinarritutako auzi judizialak bertan behera uztea eskatzen dute. "Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa" Gernikan, irailaren 25ean, Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek sinatu zuten akordio da, konpromiso batzuk hartuz eta eskaerak eginez, ETA zein Espainia eta Frantziako gobernuei indarkeriarik gabeko bake egoera, eskubide ororen errespetuzko egoera eta normalizazio politikora iristeko.

Hasierako sinatzaileak honakoak izan ziren: Ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba, Abertzaleen Batasuna, LAB, Hiru, ESK, ELB, EILAS, EHNE, Gernika Batzordea, TAT, Iratzarri, Herria 2000 Eliza, Ikasle Abertzaleak, Giza Eskubideen Behatokia, Alternatiba Gazteak, Gazte Independentistak, Gazte Abertzaleak, GaztEHerria, Ezker Soberanista, Euskaria, Euskal Herriak Bere Eskola, Etxerat, Bilgune Feminista, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Apaizen koordinakundea.

Nazio mailako bigarren txandako sinatzaileak, berriz, hauek: Euskal Komunistak-PCPE, IPES-GITE, Ahaztuak, Emakume Internazionalistak, Ezker Gogoa, Andere Bidatz, ESAIT, Askapena, Ekologistak Martxan, Kontseilua, Anitzak, Komite Internazionalistak, EHGAM, Lumagorri, Bizigay, Anai Artea, Gorripidea ildoa Zutik, Lau Haizetara, Orreaga Elkartea, Sasoia, Eusko Sozial, Memoriaren Bidean, Arabako Emakumeen Asanblada.

Gernikako akordioa Ordizian

Gernikako Akordioaren sinatzaileek hainbat eta hainbat herritarrekin batera Ordizian aipatutako akordioaren aurkezpena egin genuen. Ekitaldia urtarrilaren 15ean Barrena Jauregian burutu zen. Bertan Ordiziako gizartearen ordezkaritza zabal batek parte hartu zuen Akordioari babesa eta bultzada emanez (argazkiak).