Ongizate arloaren gabeziak Ordizian

Ordizian bertan

Ez duzu aurkituko gizarte zerbitzuak murriztu behar direla esango duen hautagai edo zinegotzirik. Ongizate soziala bermatzeko, beharrezkoak dira zerbitzu sozialak. Eta gizarteak gero eta gizarte-laguntza gehiago eta hobeak eskatzen ditu. Beraz, alderdi guztiek berdin ulertzen al dute Udaleko Ongizate arloa?

Ez ba. Esan beharrean gaude honetan ere badirela aldeak gaur egun PSOE eta PNVk kudeatzen dituzten gizarte politikekin eta ezker abertzaleak defendatzen dituenekin. Egia da arlo honetan azken urteetan hobekuntza nabarmenak eman direla, baina ezker abertzalearen ustez, gaur egungo gizartearen bereizgarriak (adinekoen eta mendekoen gero eta behar larriagoa; krisiaren eragina gehien nozitzen duten arrisku taldeak handitzea; emakumeen egoera…) eta Udalak dituen eskumen eta baliabideak aintzat hartuta, Ordizian arlo honetako kudeaketa eta politikak berrikusi egin behar dira.

Badira horretarako hainbat arrazoi:

  1. Mendekotasun handia dutenentzako politikak Aldundiaren eginkizun dira, beraz, hari dagokio zaharren egoitzaren ardura. Hala ere, ekonomikoki Udalak karga handiari egin behar dio aurre. Udalak ez du behar bezala haren gainetik dauden erakundeetan kudeaketa lanik eta presiorik egiten, eta ez du aldarrikatzen finantziazio ahalmen handiagorik.
  2. Baditugu hainbat zerbitzu mailakatu pribatizatuta daudenak (egoitzan bertan, eguneko zentroan, etxez etxeko laguntza…). Horiekiko Udalaren ardura eta jarraipena areagotu egin behar dira, irizpide tekniko eta politikoekin, ez ekonomiko hutsekin. Gainera, eguneko zentroan itxarote zerrenda dago eta eguneko zentroa hasera bertatik txikia da, etxez-etxeko laguntza erabat pribatizatuta dago…
  3. Arlo honetan ere lehentasunak finkatu behar dira. Ordizian ongizate zerbitzu guztiek (osasuna, hezkuntza, pentsio eta prestazio ekonomikoak, eta zerbitzu sozialak) ez dute lehentasun bera, eta askotan behar berari arlo diferenteetatik erantzuten zaio,  eta elkarrekin koordinatu gabe, gastua areagotuz. Esaterako, lehentasunezkoa al da “kale hezitzaileen” egitasmoa (80.875 drogomenpekotasunen prebentzioa) eskoletan ere gai bera lantzen denean eta horretarako teknikari bat dugunean?  Zenbat diru ari dira gastatzen urtero emakumeen berdintasunerako azterketak egiten, ez direnean gai izan emakumeen batzordea bera ere martxan jartzeko? Hainbeste ikerketa eta diagnosi, eta inolako urrats eraginkorrik ez.
  4. Ongizate batzordea indartu egin behar da. Gure ustez egungo funtzionamendua hobetu daiteke, ez baitu izan beharko lukeen eskumenik. Gainera, ez dio erantzuten hainbat arlotan dagoen beharrei, esaterako emakumeen eta gazteen beharrei.
  5. Etorkinentzako harrera plan osorik ez da. Egiten den apurra, euskara ataletik egiten da, baina harrera eta integrazio plan osoak behar dira (aurten Goiekik bertan behera utzi du zuena).
  6. Arrisku egoeran diren herritarrentzako, eta behar bereziak dituztenentzako (bazterketa sozialean daudenak, emakumeak eta gazteak) berariazko politikak areagotu  egin behar dira arlo guztietan (zergak ordaintzeko; udal zerbitzu, instalazio edo garraioak erabiltzeko…).

Hitz gutxitan, ezker abertzalearen ustez, jakitun udal finantzek egoera tamalgarria bizi dutela, Udalak dituen eskumen eta baliabideak ahalik eta ongien kudeatu behar ditu.  Horretarako, lehen urratsa da azken urteetan izugarrizko adar luzeak garatu dituen arloa (hainbat eta hainbat kontratazio kanpora, hainbat eta hainbat ikerketa, hainbat programa koordinatu gabe eta Udalaren ikuspegi osoa izan gabe…) berrikustea.