Gutxiengoan aurrekontuetan, gutxiengoan Udalean

Udal txinpartak

 

Martxo amaierako Osoko Bilkuran onartu ditu Udalak 2011ko aurrekontuak. Soilik PSOE eta PNVren botoak izan ditu alde. Beste guztiak (PP, beti bezala, ez zen agertu) aurka. Alderdiek hauteskundeetan  jasotako botoetara joz gero, 1.693 ordiziar alde, 2.358 aurka. Horixe da aurrekontu hauek, PSOE_PNVk eta Alkateak duten babesa eta aurkakotasuna. Eta gastua, nolako gastua aurre ikusten dute?

Udal batean aurrekontuak onartzeko Osoko Bilkura urteko garrantzitsuena da. Bada, Ordizian aurrekontuen prestaketan ez dira ez herritarrak, ez oposizioa aintzat hartzen, eta ez da aurrekontuak hobetzeko adostasunik bilatzen. Eta ikusita zein aldaketa larri izaten diren urtean zehar aurrekontuetan, horiek ez dira ez tresna zorrotza, ez eta eraginkorra ere.

Arrazoi horiengatik Osoko Bilkura eztabaidatsua gertatu zen. PSOE eta PNV, beti bezala, bat eginda agertu ziren. Gainontzeko alderdiek egindako kritikei erantzunez, Dubreuilek “Desberdintasunak ematea normala dela” esan zuen. Esan ez zuena da askoz ere handiagoak direla PSOE eta PNVren arteko berdintasunak. Santamariak berriz, ez zituen kritikak erantzun ere egin nahi izan. Ohiko umekeria eta ezintasun politikoa. Beste bilera batzuetan bezala altxatu eta alde egin ez zuenean! Bai batak zein besteak, gero eta garbiago erakusten ari direna da elkarren premia dutela.

 

Hainbat datu esaguratsu:

  • Alkatearen soldata 73.000. Karguen dietak 91.000. Talde politikoak 23.000.
  • Aldizkaria 32.000. Kazetariaren ("a dedo") soldata 46.000. Propaganda 6.650.
  • Protokoloa 14.000. "No deseados" 1.500. "Diversos" 1.500. Bazkariak 5.000. Sakeleko telefonoak 8.480.
  • Lorategiak 206.000. Oiangu 23.000.
  • Parte hartzeko teknikaria ("a dedo") 33.000. Parte hartzea publizitatea 6.000. Ikerketak parte hartzea 6.000.
  • Biltegirako lokalen alokairua 90.000. Kulturako lokalak 0 euro.
  • Kirola 670.000 + 275.000 inbertsioak. Kultura inbertsioetan 20.000, liburuetan.
  • Ongizatea iaz 1.028.000. Aurten  832.000. Eguneko zentroa iaz 301.000. Aurten 195.000. Etxez-etxeko laguntza 75.000 gutxiago, AES 20.00 gutxiago. Kaleko “hezitzaileak” (???) + aldizkaria 81.000.
  • Euskara iaz 230.000. Aurten 175.000.
  • Hainbat ikerketa (???) 89.000.
  • Feria ospakizuna 2012 urtea 29.000. Asteazken eta ostiraletako feria 7.600.
  • Festak 210.000. Euskal Jaiak 98.000. Gabonak 60.000. Bereziak 130.000.
  • Turismoa 121.000. Enpresei laguntzak 600. Goieki 79.000.
  • Zenbat kostatu da Oiangu? Zenbat Majoriko lapurreta? Zenbat kudeaketa okerraren ondorioak Apellanizen, San Joanen...?

 

Ordiziako ezker abertzaleak ere, ezezkoa ematen die 2011ko Udal aurrekontuei honako arrazoi hauengatik:

- Aurrekontu hauek, aurreko urtetakoak bezala, herritarrek, oposizioko alderdi politikoek eta gainerako eragileek parte hartu gabe egin direlako.

- Aurrekontuak, gardentasun eta zehaztapenik gabe egin direlako. Pleno aurretik aurrekontuak onartzeko egin zen bileran adostasunik gabe bukatu zen eta arlo askotan nahiz eta zenbait partida zehaztu gabe gelditu, modu honetan eraman ziren plenora han onartzeko. Beraz, normala izan da plenoan gertatutakoa. Horrek agerian uzten du askotan salatu izan duguna, hau da, urtean zehar kreditu aldaketa asko gertatzen direla aurrekontuetako zenbait atal zehaztapenik gabe egiten direlako.

- Krisi garai honetan, ez da gastuen kontentzio politika bat egin eta ulertezina da alkate, alderdi politiko eta zinegotziei ordaintzen zaien kantitateak bere horretan jarraitzea eta gauza bera gertatzea alkatearen protokolo gastuekin.

- Aldiz, aurtengo aurrekontuan gastu sozialerako gertatu diren murrizketak ditugu adibide garbiena. +Euskadi 09 programarako (enplegu sustapenerako bideratzen dena) Eusko Jaurlaritzatik datorren subentzioak makilatu egiten du gastu sozialerako planteatutako murrizketak. Esate baterako, Ongizate arloan murrizketa batzuk aurkitzen ditugu aurtengo aurrekontuan, hala nola, etxez etxeko laguntzetan, gizarte larrialdirako laguntzetan, eguneko zentroko benetako beharrak kontenplatu gabe aurkitzen dira.

- Eta Inbertsioetan zer esanik ez. Onartu diren inbertsio murriztaileetatik, (aurten denera 866.000 €, nahiz eta errealak gutxiago izan 614.000 € gutxi gora behera), % 32 Majori polikiroldegirako izango da (275.000 €) eta beste behar batzuetarako zentimorik ez. Non daude lehentasunak? Oraindik buruan dugu iazko aurrekontuan irisgarritasunaren inguruan planteatu ziren inbertsioak, (eskailera mekanikoa,…), zer gertatu da haiekin,  non daude?