Marasma saretzen, Ordiziako ondorioak

Gazte eta aske

Dakizuenez, aste hauetan gazteen iritziak jaso, hausnartu, aztertu eta ondorio interesgarri batzuk atera ditugu. Zer eskatzen dugu Ordiziako Gazteok? Zer botatzen dugu faltan?

 

15-29 urte bitarteko Ordiziako 147 gazteri galdetutakoaren ondorioak

(harremanen lantaldean 15-27 urte bitarteko 10 gazte ibili gara buru-belarri)

 

Dakizuenez, aste hauetan gazteen iritziak jaso, hausnartu, aztertu eta ondorio interesgarri batzuk atera ditugu.

Zer eskatzen dugu Ordiziako Gazteok?
Zer botatzen dugu faltan?

Galdera horien zein beste batzuen erantzunak ondorio moduan jarri ditugu jarraian:

Herriari dagokionez, gehienek herri-giroa indartsuagoa izan beharko lukeela uste dute, horretarako, herritarren harremanak estutu beharko liratekeela esaten dute. Auzolanak, mendi-irteerak, herri-bazkariak, erromeriak,... bezalakoak aipatzen dituzte, besteak beste.

Hari beretik jarraituz, Udalak gazteentzat gauza gutxi edo ezer ere ez duela egiten diote, gazte hauen iritziz Udala, azokak eta haurrentzat puzgarriak jartzera mugatzen da.

Oianguko golf proiektuaren porrotaren inguruan galdetzean, denak poztu egin dira honen porrotarekin eta lotsagarria iruditu zaie egin duten kudeaketa eta herritarren iritzia kontuan ez hartzea.

Proiektu txikitzaileak alde batera utzi gabe, % 99,9k AHTren aurkako jarrera garbia erakutsi du arrazoizko erantzunak emanez, ez dela inondik inora beharrezkoa, herriak isolatuko dituela, espropiazio behartuak eragingo dituela, ez dutela erabiliko eta izugarrizko txikizioa eragingo duela gure herrian. % 0,1ak gure iritziz informazio falta dauka edota ez du informazioa jaso nahi.

Garraioa alde batera utzi gabe, garraio publikoa garestia dela eta merkeago jarri beharko litzatekeela deritzote, honekin autoen zirkulazioa jaitsi eta kutsadura murriztuko litzatekeela uste dute.

Etxebizitzaren gaia benetan kezkatzen dituen gaia da, esan digutenez, hauen prezioak lotsagarriak izateaz aparte, alokairua alternatiba izateko lekurik ez dutela uzten, alokairuarengatik ordaindu behar izaten dena hipotekaren oso antzekoa delako. Okupazioa alternatiba bezala ikusten duten galdetzean,  baietz erantzuten dute gehienek baina bizilekua hartzeko baino protesta egiteko zerbait bezala. Etxe hutsei irtenbide bat bilatu behar zaiela esan dute.

Egunerokotasunari dagokionez, orokorrean errutinan sartuta daude eta hau aldatuko lukete baina ez dakite nola edo ez dira pentsatzen jartzen. Drogen kontsumoa nahiko zabaldua dago eta asteburuetan batez ere hauen kontsumoa ohikoa da.

Bukatzeko, kirolaren inguruan galdetzean, kirol-instalakuntzak merkeagoak izan beharko liratekeela uste dute, kirola egitea osasungarria delako. Eskaera bezala pilotaleku itxia eta korri egiteko pista herritar guztientzat irekita egon beharko luketela uste dute.

Ordiziako gazteek antzeko erantzunak eman dituzte ia galdera gehienetan, adina kontuan hartuta ezberdintasun batzuk egon daitezke, adibidez, 20 urtetik beherako gazteen artean droga gogorrak ez daude hain zabalduak eta 20 urtetik gorakoen artean berriz nahiko zabalduak daude. Bestetik, etxetik joateko adinaren inguruan gaztetxoenak segituan joango lirateke gurasoen etxetik, baina adinak aurrera egin ahala errealitatearen talka egin eta 30 urtera arte gurasoen etxean ikusten dira gehienak, etxebizitzaren prezioarekin zuzenean lotuta.

Egun hauetan honen inguruan hausnartzen egon gara eta arazoei irtenbidea bilatzen saiatuko gara. Hau dena aldatzeko gogoa badaukazu, etorri eta lanera!