Ordizian egin berri duten skate park delakoaren inguruan

Iritziak

Aurki inauguratuko da Caf-en aldamenean egin duten skate park berria. Udalak urtean 670.000 euro gastatzen ditu kirol instalakuntzetan eta aurten aurrekontu horren ia erdia 297.000 euro gastatu ditu skate park-a egiten.

Noski, dirutza hau gastatu baino lehen, herritarren beharren inguruko diagnostiko sakon bat egingo zen eta honen ondorioz egin dute horrelako gastua. Zenbat jende ibiltzen da Ordizian kirol hau praktikatzen? Honekin ez dut esan nahi ez litzatekeenik egin behar, honela gazte jendea, akaso, skate-a praktikatzen hasiko delako. Baina ez zen beharrezkoa “amerikanada” hau egitea. Diru horren laurdenarekin ere egin zitekeen proiektu xumeagoa eta Ordiziaren errealitatera egokituagoa.

Bestalde, Ordizian egon diren eskalatzaileak (Josune Bereziartu, Rikar Otegi, Mikel Saez…) ikusita, harritzekoa da ez Ordizian eta ezta Goierrin ere ez edukitzea itxurazko rokodromo bat. Skate park berrian gastatu duten diruarekin itxurazko rokodromoa, skate park-a eta hainbat gauza gehiago egin zitezkeen.

Baina dirua ondo kudeatzea ez da inoiz izan Udal honen indargunea.