Apirilak 7, 20:00etan, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako elkarretaratzea

EH ezkerretik eraikiz

Askotan entzuten dugu gizarte patriarkal batean bizi garela, baina, zer esan nahi du horrek? Bada, sexu maskulinoa, femeninoaren gainetik ipintzen dela eta hau zapaltzen duela hainbat aspektutan: hitz egiterakoan, iritziak onartzerakoan, betetzen ditugun roletan, bizitza antolatzeko moduan, jokabideetan, soldatetan, lan postuetan, erabiltzen ditugun arropetan, gizartean betetzen dugun estatusean... milaka gauzetan eragiten du eta bortitzena, ziurrenik, gorputz eta emozioetan eragiten digun errepresioan.

Hortxe kokatzen dugu indarkeriaren muina. Gainera, askotan, mendebaldean “inkontzientea” deritzogun horretan sartuta dago, beraz, kontzientziak landu behar ditugu.

“Egin hori, jantzi hura, heldu hor, etorri hona, eman hori, ez joan…”

“Maite zaitut, ez dut berriz egingo, ez nizun minik egin nahi, nire bizitzako pertsonarik garrantzitsuena zara…”

“Ez apaindu horrenbeste, ez ibili horrekin, aldatu aurpegia, ez duzu ezer balio…”

“Barkatu, damu naiz, sentitzen dut, ez nizun jo nahi….”

ASKI DA!

Zenbat emakume gehiagok jasan behar dute hau gizarteari begiak zabaltzeko?

Gizon, nahiz emakume, neska nahiz mutil, homo, hetero, trans nahiz edozein motako pertsonak, denok osatzen dugu gizartea eta denok eman behar dugu zerbait genero-sistema honek sortu duen asimetria hausteko.

Eguneroko eta ohiko den errealitate hau hausteko garaia da. Ohiko diogu, emakume baten heriotzaz diharduen albiste bat irakurtzean jada ez garelako harritzen.

Honetarako bidea zein den hausnartzen ipinita, indibidualki zein kolektiboki landu beharreko kontua dela argi ikusten dugu. Indibidualki egunero egiten ditugun gauzetatik eta ditugun hausnarketetatik abiatuta, zein kolektiboki partekatzen ditugun sentimendu eta arazoen konponbideen proposamenek ezinbesteko garrantzia dute. Honela, Ordiziako Kimetz emakumeen taldeak kolektiboki egiten diren ekintza horietakoen gisa du hilabeteroko lehen ostegunetan deitzen duen elkarretaratzea, oraingoan apirilak 7 arratsaldeko 20:00etan plaza nagusian izango da, betiko modura. Zure kontzientzia landu nahi baduzu eta arazo hau benetan larria dela ikusten baduzu, etorri berdintasunaren alde eta indarkeriaren aurka indarrak batzera, eta egin apustua itsututa dagoen jendearen burutxoetan argi izpiak sartzeko. Kimetzek dioen moduan ISILIK EGOTEAK, GAIZKIDE EGITEN GAITU! (el silencio nos hace cómplices).

Hanka tartean dugunak horrenbeste inporta al du ba?