Korrikarekin bat egiteko aukera aparta Ordizian, ostiraleko afarian

Ordizian bertan

Apirilaren 8rako eskualdeko Korrika afaria antolatu dute Ordiziako Plaza Nagusian. Horrez gain, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa jokatuko da. 12 euroren truke jarri dituzte eskuragai afari-txartelak.

Otordua girotzeko ez dira faltako Korrikaren postua materialarekin, trikitilariak eta bertsolariak. 19:00etatik aurrera pintxoak dastatzeko aukera ere izango da Plaza Nagusian.

Ohiko legez, afariaren aurretik eskualdeko elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa jokatuko da. Bi plater sarituko dira: arrain zopa eta biribilkia saltsan. Parte hartuko duten elkarteek 20:00etarako aurkeztu beharko dituzte jakiak plazara. Epaimahaia Ordiziako hainbat jatetxetako sukaldari adituk osatuko dute.

Ondoren, elkarteek aurkeztutako arrain zopa, biribilkia saltsan eta hainbat gozotegik emandako ijito besoekin eskualdeko afaria hasiko da (21:30ean).

Afarian parte hartu nahi duenak 12 euroren truke ditu eskuragai txartelak Ordiziako Herrikoan, Mujika liburudendan, Barrenan eta AEK euskaltegian. Haurrentzako txartelak 5 euroren truke. Ordiziatik kanpo ere eros daiteke txartela: Legorretan, Olason; Zaldibian, Ilatin; Beasainen, AEKan; Lazkaon Albokan, Ataunen, Troskaetan; Ormaiztegin, Arantxanen; Idiazabalen, Xumen; eta Seguran, Elorripen.

Beraz, Korrika 17 Goierritik pasatzeko egun batzuk falta badira ere (apirilaren 13an, asteazkenean, pasako da), girotze ekitaldirik ez da faltako.