Hamaika ekimen antolatu ditu Gaztetxeak apirilerako

Gazte eta aske

 

Apirilaren 7an hasi eta 30era arte, hainbat ekitalditan parte hartzeko deia zabaldu du Ordiziako Gazte Asanbladak: mendi irteerak, auzolanak, ikus-entzunezko emanaldiak, etab. Hilabetero bezala, Ordiziako Gaztetxeak kartela osatu du apirilean antolatu dituzten ekimenekin.

Apirilaren 7an, ostegunean, Kimetz elkarteak antolatuta, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratzea egingo dute Plaza Nagusian, 20:00etan. Gaztetxeak bat egin du deialdiarekin eta parte hartzera gonbidatu ditu gazte, heldu zein zaharrak.

Apirilaren 8tik 10era, asteburu osoan, Irakurri Euskal Prentsa ekimena antolatu dute Korrika Kulturalaren baitan, eta garai bateko euskal argitalpenak ikusgai izango dira Plaza Nagusian ostiralean 16:00etatik 22:00etara eta larunbatean eta igandean 10:00etatik 22:00etara.

Asteburua oso betea etorriko da, izan ere, apirilaren 9an, larunbatean, Akirrok antolatu du Goierriko Gazte Asanbladak. Euskararen aholku batzordeak euskararekiko duen begirune falta salatzeko Korrika atzeraka egingo dute Beasaingo Zubimuzutik Ordiziako Plazara. 17:00etatik hasiko dira atzeraka lasterka.

Atzeraka korrika egin ondoren, apirilaren 13an aurrera egiteko eguna iritsiko da. Korrika 17 Ordiziako San Juan auzotik sartuko 10:30ak aldera.

Apirilaren 14an, ostegunean, Bilgune Feministak antolatutako tailerra egongo da "Feminismoaren oinarriak eta hezikidetza tailerra" izenburupean.

Apirilaren 16a data seinalatua izango da euskal presoentzat, izan ere, Europan kartzelan denbora gehien eman duen preso politikoa, Gatza zornotzarra, espetxetik irtengo da eta ongietorria prestatu diote Zornotzan. 17:30etan izango da omenaldia, baina Ordizian autobusa jarriko dute 15:30etan hara joateko. Izena emateko, Herrikon jarriko dute zerrenda.

Espeleologia gustuko dutenek edo zer den ikusi nahi dutenek, aukera paregabea izango dute apirilaren 18rako eta 20rako gaztetxeak antolatu dituen mendi-irteerekin. 09:00etan Gaztetxetik abiatuko dira eta Goierri inguruko mendietan espeleologia egingo dute.

Apirilaren 24a Aberri Eguna dela eta, Gaztetxeak bat egin du aldarrikapenekin eta Gernikara eta Baigorrira joateko deia egin du.

Transexualitatearen gaia jorratuko dute apirilaren 28an. 18:00etan bideo-emanaldia izango da. "La Vida de Moises" esperientzia pertsonal batean oinarritutako bideoa emango dute eta ondoren mahai-inguruan gaiari buruzko eztabaida zabalduko da.

Apirilaren 26tik 29ra auzolanak egingo dituzte Gaztetxean. Goiko pixua txukundu, konponketa batzuk egin... Lau eskuk bik baino gehiago egin dezaketenez, ezinbestekoa izango da ahalik eta jende gehien biltzea.

Hilabetea amaitzeko ekitaldi polotoa prestatu dute. Marasma Eguna izango da Ordizian. Gazteei galdetu eta hitza emateko ekimenari amaiera emateko ekitaldia izango da. 17:00etan Plaza Nagusitik Oiangura abiatuko dira trikitilariek girotuta. Oiangun, 18:00etan bertsolariena izango da hitza eta Marasmaren bitartez bildutako ondorioak izango dituzte hizpide. 19:30etan afari-merienda eder batekin tripa beteta, erromeria hasiko da.