Hainbat burutazio Segurantza-mahaiaren inguruan

Udal txinpartak

Udalaren baitan eratu da Segurantza eta elkarbizitza lan-mahaia. Haren sorrera batez ere azken hilabeteotan gertatutako lapurretek eragin dute. Eta ukaezina da  lapurretek eta beste hainbat gertakarik ezinegona eragin dutela herritarrengan.

Asuntoak badu bere larritasuna, ez diogu bere garrantzia ukatzen, baina guk honako hausnarketa hauek ere egin nahi ditugu:  

1.- Zuzena al da Lan-mahairen eta lan taldeen osaketa?

Gure ustez lan-mahai honetan trataera ezberdina merezi duten gaiak nahasten dira, eta horrek zaildu egiten du diagnosi zuzenak egitea eta neurri eraginkorrak hartzea. Batzuk garbi asko arazo estrukturalak dira, genero biolentzia esaterako, eta horrekin talde berean sartzen dira gaztetxoen artekoa, xenofoboa, lapurretek eragindakoa, oinezkoen segurtasuna eta trafikoa…  Trataera ezberdina behar dute, eta horiek tratatzeko espaziorik egokiena ez da Segurantza mahaia. Batzuen tokia Ongizatea da, edota Emakumeen Batzordea, sortuko balitz, edota hirigintza…  

Hiru lan-talde osatu dira mahaiaren baitan. Bata “indarkeriaren taldea”.  Bertan genero biolentzia, gurasoenganako eta seme-alabenganako tratu txarrak,  biolentzia xenofoboa, helduenganakoa eta gaztetxoenganakoa… aztertzeari ekin zaio. Bigarrena, “kale segurtasunaren taldea”. Bertan trafikoa, oinezkoen segurtasuna, semaforoak, zebra pasabideak, bidegorria… aztertzeari ekin zaio. Eta hirugarrena, “jabetzaren aurkako delituen taldea” .

Martxoaren 17an talde mahai honek izandako lehen bileran erabaki zen informazio bilketa egin beharra zegoela: zein indarkeriazko kasu ematen diren, zein tipologiakoak, zein maiztasunarekin; zein trafiko eta segurtasun arazo dauden kalean, zein baliabide dituen Udalak; zein lapurreta mota eman den, zein kopurutan, estatistikak,  zein tipologiatakoak, non, egileen perfilaren informazioa, kamaren funtzionamendua, jarraitu beharreko protokoloa. Martxoaren 31n, berriz, Jabetzaren aurkako delituen taldearen bigarren bilera ospatu zen, eta bertan hainbat informazio eman zen  lapurreten inguruan (Udaltzaingo eta Ertzantzaren hainbat datu), udal baliabideen inguruan… Indarkeriaren taldea apirilaren 14an bilduko da, eta bide-segurtasunarena maiatzaren 5ean.

2.-  Beharrezkoa al da enpresa bat kontratatzea  Lan-mahaia dinamizatzeko?


Berriz ere  ikusten dugu Udaleko arduradunak ez direla gauza gaia kudeatzeko. Eta berriro kanpo kontratazio batera jo dute (aurrekontuetan 12.000 euro aurre ikusten dira mahai honetarako), AZ enpresa kontratatuz lanak dinamizatzeko. Ez dugu garbi ikusten enpresa kontratatzeko beharra, ez bada, lehen esan bezala, arduradunen ezintasuna. Arlo askotan ari gara ikusten hori Udalean (eta kuriosoa da ikustea AZ bera jada hainbat kontratu eramaten ari dela).

3.- Zergatik orain eta egiten ari den moduan? Hauteskundetarako kanpainan?


Gutxienekoa kuriosoa da Udalak hilabetetan axolagabe egon den bitartean, hauteskunde bezperan auzi hau planteatzea, eta gainera egiten ari den moduan egitea: zabal itxura emanez, jendearen atzetik parte har dezaten, "herritarren partaidetzarako" PSOEk behatzez aukeratutako teknikaria tartean, hainbeste gai abarkatu nahian...   

Badakigu segurtasunaren eta bizikidetzaren auzia serioa eta konplexua dela. Herritarrek eskubide osoarekin eskatzen duten segurtasunak zainketa eta erakundeen ardura behar ditu (Udalak bere baliabideak eta Udaltzaingoa bera ere antolatu behar ditu, besteak beste). Baina auziak baditu beste aurpegi batzuk ere kontuan hartzekoak informazio osoa aztertu ondoren (alegia, zein jatorri eta tipologiakoak diren lapurretak, kolektibo batzuekiko bazterketa jarreren arriskua…).

4.- Berriro euskara baztertuta?

Bilerak gaztelera hutsean egiten dira. Teknikariek horrela bideratzen dituzte, nahiz eta esan nahi duenak euskara egin dezakeela. Eta lehen akta gazteleraz bakarrik bidali zen, salaketa baten ondoren euskara oso traketsean bidali bazuten ere. Berriro lotsagarri. Noiz arte jasan behar ditugu euskaldunok horrelakoak?