San Bartolome baseliza, urteetako utzikeria

Udal txinpartak

San Bartolome baselizaren inguruan sortu zen Ordizia. Baseliza honen inguruan altxatu ziren lehenengo baserriak, lehengo ordiziarren bizilekuak. San Bartolome baseliza izan zen lehenengo harria, eta Ordiziaren ikur nagusia. Baina badirudi udal agintariek ezikusiarena egiten dutela eta ahaztuta dutela. Herriko monumentu guztien atarian ageri den kartelak mapa bat du, eta San Bartolome mapa horretatik kanpo utzi dute.

800 urteko historia duen baselizari buruz ezer gutxi esaten du Udalak, utzikerian galduta dagoenez, errealitate hori ezkutatu egin nahi du.

Udal arduradunek herriaren irudiari eta itxura superfizialari ematen dioten garrantzia ikusita, ulertezina da Ordiziako sarrera nagusietako batean, herriaren ikur nagusietako bat horren itxura penagarrian edukitzea.

Baselizaren atarian dagoen kartelean azaltzen dutenez, 1813an frantsesek erre egin zuten San Bartolomeko eliza, eta berritzeko lanen ondoren, gaur dagoen moduan utzi zuten. Ez dute bitan esan beharrik, duela 200 urtetik gaur arte ezer gutxi egin dute eraikina txukun mantentzeko.

Baselizaren inguruko belarraren gainean oinez ibiltzea ezinezkoa da txakur kaka bat edo kristalak zapaldu gabe. Herrian beste inon ikusi ezin den zikinkeria dago bertan.

Baselizarena San Bartolome auzoarekiko Udalak duen jarreraren adibide garbiena da, erakusgarri nagusia, baina Ordiziak eta ordiziarrek, historiari zor zaiolako, beste San Bartolome bat merezi dute.