Apirilak 17, preso politikoen nazioarteko eguna

EH ezkerretik eraikiz

Kolonbian bizi den egoera konplexua da oso eta, zoritxarrez, itsasoaren bestaldeko herrietan, berau izango da gaur egun zanpaketarik larrien eta gogorrenak jasaten dituena; hainbestean, bertako nahiz kanpoko agintari boteretsuenak demokraziaren zapi zuriz estaltzen ahalegintzen diren arren. Oihal zuriak, baina, ez du azpian geratzen dena beti estaltzea lortzen eta noizbehinka agerian geratzen dira basakeria eta giza eskubideen urraketa amaigabeak. “Latinoamerikako Israel” izena nonbaitetik datorkio, noski, eta ez da Mossad-ak bertan burutzen dituen entrenamendu eta laguntza militarragatik, bi gobernuen antzekotasunagatik baizik.

1810eko uztailaren 20tik hona bi mende luze pasa diren arren Estatu berri hau sortu zenetik, zapalkuntzarik nahiz borrokarik gabeko hamarkadarik ez dute ezagutu  kolonbiarrek. Aberatsen eta pobreen arteko lehia baita bertakoa; lur jabe handien eta lurrik gabeko nekazarien artekoa.  Paradisu bikaina da Kolonbia atzerriko interes ekonomikoentzat. Espainiar transnazionalak, esaterako, 160tik gora dira. Izan ere, langileen eskubideak ez dira existitzen herri honetan: mundu mailan erailtzen diren 3 sindikalistetatik bi bertakoak dira. Edari freskagarri bat baino ez dirudien Coca-Cola enpresak hamarnaka langile erail, dozenaka desagertu, eta sindikatuetan egoteagatik kaleratuak milaka batzuk baditu.

Kolonbiako biztanleriaren erdia pobreziaren mugan bizi da, dolar bat baino gutxiagorekin eguna pasa beharrean eta 6miloi inguru miseria gorrian. Kartzeletako egoera ere ez da hobea, 7500 preso politiko dituzte bertan, eta Euskal Herrian hainbestetan gertatu ohi den bezala, han ere fikziozko akusazio eta epaiketa faltsu, nahiz komisaldegietako tratu txarrak egunerokotasun bilakatu dira tamalez.

Plan Kolonbiaren baitan, oposizio politiko eta sozial guztia deuseztatu nahi izan dute bakearen izenean, transnazional eta sektore ekonomikoek bertako baliabide naturalak edo lan esku merkeaz aprobetxa daitezen. Honen ondorioz sarekada masiboak, kartzelaratzeak eta eskubide urraketa etengabek areagotu dira azken urteetan.

Presoen eskubide urraketa etengabeak

Presoek ez dute bisitarik

-Dispertsioak bere jaioterritik ahalik eta urrunen uzten du presoa.

-Paramilitarrek edo segurtasun indarrek presoen familiaren aurka egiten dute.

-Bisita bakoitza lortzeko egin beharreko tramite eta eskakizunak amaigabeak dira.

Presoen seme alabak preso behartuak

-Erditzekotan diren preso amek, kartzelatik kanpoko erietxetan izaten dute haurra, baina oso gutxira berriz kartzelara itzuli behar du, berak eta izandako haurtxoak.

Osasun atentzio falta

-Nazioarteko eta Kolonbiako araudiaren arabera, preso guztiek dute osasun fisiko edo mentala bermatzeko eskubidea, eskubide dena ordea, sistematikoki ez da betetzen.

Elikadura

-Elikagaiak kalitate txarrekoak eta egoera txarretan ematen zaizkie.

Tenperatura  bortitzak

-Combitako kartzelan esaterako, zeropeko tenperaturak noiz nahi izan arren, berogailu sistemarik gabe daude presondegian eta eguzki argirik ez dago patioan.

-Klima beroagoetan berriz, 35 gradutara egon arren presondegia ez dute haizeztatze sistemarik.

Informazio gehiago:

http://www.justiceforcolombia.org/
http://www.movimientodevictimas.org/
http://www.colectivodeabogados.org/