Puerto de Santa Maria 1940

Iritziak

Goiko postala 1940an Puertoko (Cadiz) kartzelatik bidalitakoa da. Gure aitonak bidali zuen Aberri Egunerako, eta bertan ziren preso euskaldunek sinatuta dago. Egunotan alabak Ikastolarako frankismo garaiari buruzko lan bat egin behar zuela eta Aberri Eguna gertu dugula, kajoitik atera dugu, eta izebarekin hainbat kontu zahar gogoratu ditugu, bera baita gure “memoria historikoa”.

 


Gure etxean amak eta bereziki izebak, oso presente izan dituzte gerra eta frankismo garaiko oroitzapenak. Guk, txikitatik, askotan entzun izan ditugu. Zorte hori izan dugu, gertaera horien, sufrimendu eta borroka horien, errepresioaren testigantza zuzena jaso baitugu. Aurreko batean alaba eta bere hiru gelakide amonaren etxean izan ziren Ikastolako lan bat egiten. Gerra aurreko, altxamendu garaiko eta frankismoko testigantzak jasotzen ari dira hainbat Ordiziarri elkarrizketak eginda. Tartean egin dizkiete Carmen Garateri, Juanita Otegiri, Mikel Garmendiari... , eta gurean Julene eta Miren Iturriozi.  

Guk etxean askotan entzun ditugu honako kontu hauek: aitona PNVkoa izanik, 1931n Ordiziako alkate izendatu zutela; altxamendu garaian, 1936an Durangon erori eta Santoñako eta Puertoko kartzeletan egon zela; EAE-ANVko osaba Sotero Jauregi, Eskisabel, Murua (Siglo XXkoa) eta Esposito batera eraman eta fusilatu zituztela, badirudi Sotero Espainiako banderaren aurrean ez makurtzeagatik (Emeterio Garmendia ere Oiangun fusilatu omen zuten, guztira gutxienez 18); herriko familia nazionalistei ondasunak enbargatu zizkietela; EAE-ANVko egoitzan eta Antonio Amilibiak eramaten zuen tabernan nola sartu ziren frankistak; emakumeei ilea motx-motx egin eta rizino delako  olioa ematen zietela; frankistek etxera etxafuegoak botatzen zizkietela desfileetan;  etxea miatzera etortzen zirenean euskarazko liburuak simaur tartean ezkutatu behar izaten zituztela; aitona Puertotik etorri eta beste bitan kartzelan egon zela (bata propaganda banatzeagatik, bestea hileta zibil batera joateagatik); izebak berak propaganda eramaten zuela beste etxe batzuetara; izeba Ixiarrek kartzelako guardia batek galdetu zionean ea bere aitak ez zuen sekula etsitzen, erantzun ziola ateratzen zen bakoitzean indar handiagorekin irteten zela; aitonak dirua bildu eta iparraldera eramaten zuela…

Baina kontu horiek entzutean, ez digute soilik gertaera batzuen berri transmititu. Horrekin batera, identitate sentimendu bat transmititu digute, atxikimendua herri batekiko. Eta baita maitasuna borroka horretan ari direnekiko, presoekiko.

Gainera, harrotasuna ere transmititu digute. “Barkatu” eta “mesedez” hitzak ez dira existitzen gure izebaren hiztegian. Horregatik, sutu egiten da euskaldunok barkamena eskatu behar dugula entzutean. Barkamena, zergatik? Eskatu al digu inork inoiz guri? Nahi eta behar ere ez. Baina ez diezagutela guri damurik eskatu. Eta mesedez, zertarako? Dagokiguna eskatzeko ez da mesedez eskatu beharrik.

Gure ama eta izebak bizi izan zituzten garaiak bizi izandako jende gehiago ere bada Ordizian. Horien memoria berreskuratu eta jaso egin behar da. Gure historiaren parte direlako, gaur egun bizi dugun egoera ulertzen laguntzen dutelako, eta nora joan behar dugun argitzen lagunduko digutelako.

 

 

 

 

 

Hirurogeita hamaika urte pasatu dira Patxi Iturrioz aitonak postal hau Puerto de Santamariako (Cadiz) kartzelatik bidali zuenetik. Postal zaharrak bezalaxe, Puertok ere guretzat esanahi berezia du. Baina ez bakarrik memoria esnarazten duelako. Izan ere, gaur egun Puerton ditugu preso Rufino Arriaga koinatua, eta Xabier Zabalo adiskide eta ikasle ohia ere. Patxik,  postala sinatu zuten gainerakoek, Rufinok eta Xabierrek, orduko eta gaurko milaka borrokalari ordezkatzen dituzte.