"Feminismoaren oinarriak eta hezkidetza tailerra" Bilgune Feministaren eskutik, ostegunean, apirilak 14

EH ezkerretik eraikiz

Gaur egun ezagutzen diren kulturetan salbuespenak egon badauden arren (adibidez, Chinako Mosuo gizartea edota Labrador Penintsulako Naskapi gizartea), oro har, esan daiteke emakume biologikoa deritzona, hau da, biologikoki “emea” dena, beti egon dela gizonezko biologikoaren menpe hainbat aspektutan.

Gure mendebaldeko gizarteko eredu eta adibideak harturik honako esparruetan ikus dezakegu menpekotasun hau: prestigio sozialean, mundu publikoan eta aldaketa politiko-ekonomiko-sozialetan parte hartzeko aukeretan, lan mundura barneratzerakoan eta bertako trataera/ordain-sarietan, taldeka biltzean onartzen edo onartzen ez diren iritzietan, erlijio kristauak ezarri dizkigun roletan, eraso sexistetan...

Nagusiki XX. mendean gai honen inguruan hainbat pertsonek, gehienbat gizonezkoek, egin dituzten ikerketetatik abiaturiko ondorioetan nagusitzen den iritzietako bat biologizista da. Hau da, emakumeak gutxiago balio du, oinarri biologiko ezberdinak ditugulako emakume eta gizonek. Datu enpiriko unibertsalistak omen daude hori egiaztatzeko. Androzentrismo hutsa eta fundamentuzko arrazonamendu falta nabaria. Honi kontrajarriz, hainbat mugimenduk diote biologikoki kromosoma batean bakarrik bereizten garela eta argi dagoela, genero rol eta ezberdintasunak, sozial zein kulturalak direla. Ondorioz, guk eraikiak, mantenduak eta aldagarriak dira.

Historiari begiradatxo bat emanez, Ilustrazio garaitik ideia feminista txiki batzuk agertzen hasi baziren ere, puntu gorena, pasa den mendeko 70. hamarkada inguruan koka daiteke, orduan hasi baitziren ikuspuntu, hausnarketa eta borroka feministak mendebaldeko gizarteetan indarra hartzen. Aukera ezberdintasunen aurkako eta berdintasunaren aldeko mugimendu nabariak agertzen hasi ziren. Diskurtso, korronte, ideologia eta ekintza modu ezberdinak sortu ziren gainera esparru honen barruan.

Bestalde, “intelektual” batzuk, ikerketa bidez eta aurreko lanak gainbegiratuz, androzentrismoa ikaragarria zela baieztatzeaz gain, emakume eta gizon izendatuen arteko ezberdintasuna eta menpeko egoeren zergatia aurkitzen saiatu ziren, nahiz eta oraindik erantzun argirik ez dugun topatu. Hori bai, soziokulturala da, ez biologikoa.

Eman diren eztabaida guztiez gain, gauza bat argi dago: gure gizartean orain arte bi sexu bakarrik atzeman izan ditugu (izan bai baitaude Afrika eta Indian, besteak beste, 3. sexua “ikusten” duten kulturak), bakoitzari rol sozio-kultural bat ezarri diogu eta asimetrian bizi gara, hau da, gizonezko biologikoak emakumea zapaltzen du. Eta hau konpondu beharra daukagu. Genero rolekin puskatu (adibidez Queer mugimenduak proposatzen duen moduan) eta pertsonen arteko berdintasunaren alde borroka egitea ezinbestekoa da, jendarte parekideago, parte-hartzaileago eta juxtuago bat lortu nahi badugu, bederen.

Eta horretan dihardu Bilgune Feministak azken urteetan. Orain arte eraiki diren oinarri teoriko eta diskurtso feministak hartzeaz gain, Euskal Herriko eremu geografikoko irakurketa egin du eta honi konponbidea emateko hainbat proposamen egin ditu. Kontzientzia hori gizartera zabaltzeko eta berau garatzeko lana ere hartzen dute.

Oraingoan, Ordiziako Gaztetxean apirilaren 14ean, osteguna, arratsaldeko 18:00etan izango dugu eurekin topatzeko aukera. Alde batetik, feminismoa zer den, berau ikusteko modu ezberdinak zeintzuk diren, zer aldarrikatzen duen, zeren kontra dagoen eta aldaketara bideraturiko proposamenak zeintzuk diren azalduko dizkigute. Beste alde batetik, hezkidetza tailerra egingo dugu, pertsonak baloratze aldera eta estereotipoen aurka. Prozesu guzti honetan zehar, norberak bere iritzia emateko, besteena partekatzeko eta eztabaidak sortzeko aukera ere izango du.

Animatu jendarte parekideago baten alde pausuak ematera eta nola ez, emakumea bazara, gizonezkoa bazara edo zure sexu/generoa gure gizarteak oraindik definitu ez badu ere, gonbidatua zaude, arazo hau denona delako eta denon artean konpondu beharrekoa delako.