Matxinsalto: gazteen matxinada eta saltoa Soraluzen 22an

Gazte eta aske

Urtez urte garai honetan egiten den legez, aurtengoan ere egun berezia antolatu du gazte mugimenduak Aste Santuko oporren baitan. Aurtengoan Soraluzen ospatuko da Matxinsalto eguna, apirilaren 22an, autogestioaren lemapean gazte problematikari aurre egiteko, iraultzari buruz eztabaidatu eta gazteriaren kontzientzia kolektiboa berreskuratzea helburu.

Handiak izan baitira kolektibo honek azken urteetan jasan dituen aldaketak. Bortitzak eta azkarrak. Leku askotan belaunaldien arteko katea apurtzea eragin dute aldaketa hauek, eta toki gehientsuenetan gazte izatearen sentimendua ahuldurik geratu da. Gazteriak kolektibo izaera galdu egin du, arazoak eta kezkak bere horretan dauden arren.

Gazteriak bere baitan hazteko eta antolatzeko arazoak aurkeztu ditu, autogestionatzeko arazoak izan baititu. Autogestioa izan baitaiteke egunaren filosofia azaltzen duen hitza. Eta intsumisioa eta auzolana matxinada burutzera bidean norbanakotik kolektibora lan egiteko filosofia. Iraultza norberarengandik hasten baita, elkarrengandik ikasiz eta elkarrekin jardunez.

Arloz arlo bada zer iraulia. Behin baino gehiagotan esan dugunez, hau ez da gazteok nahi eta behar dugun herri eredua. Bizi eredu askatzaileetan sinesten dugu, askatasuna amesten dugu, bere zentzurik zabalenean. Eta horra bidean ezinbesteko geltokia da egunerokotasunean ditugun kontraesanez jabetzea. Kontraesanez jabetu, eta iraultzen saiatu. Norberaren baitan hasten baita iraultza oro.

Espiritu honekin bada, deia luzatzen dizuegu  Soraluzen ospatuko den Matxinsalto egunean parte hartzeko. Hona eguneko egitaraua:

  • 10:00etan izen ematearen irekiera Udaletxeko arkupean
  • 11:00etan harrera Plaza Berrian
  • 11:30-14:30 tailerrak

1.    Harremanak eta sexualitatea
2.    Komunikazioa
3.    Kultura
4.    Hezkuntza
5.    Nekazaritza
6.    Sozioekonomia
7.    Aisialdia

  • Ondoren bazkari herrikoia frontoian (txartelak egunean bertan izen ematearekin batera salgai)
  • Behin bazkaldu eta gero herriko txoko ezberdinetan kultur maratoia burutuko da. Honako guneak egongo dira:

1.    Salto ausardiaz! Dantza afrikarrak eta zanpantzarrak. Ez ikusteko, normalean bezala, baizik eta ikasteko. Dantza afrikar ikastaroa emango dute. Zanpantzarrak ere trajea jantzi eta bere ibilera bitxia ikasteko aukera izango da. Honetaz gain rokodromoa eta zirkoa ere egongo dira.

2.    Salto erritmoaz! Goientxe familia, Norte Apache, graffiteroak… Euskal Herriko hip-hoparen adierazgarriak.

3.    Salto irudimenaz! Bideo eta irudi sorkuntzaz osatutako erakusketa gela ilunean. Gazteon ikusentzuneko sormen lanak ikusteko aukera paregabea.

4.    Salto kalera! gelditzeko unerik utziko ez digun kale animazioa.

5.    Salto sormenaz! kontzertu didaktiko berezia musikari oso bereziekin eta ondoren bertso-hop emanaldi berezia.

6.    Salto zentzumenetara! Didgeridoo emanaldia, kontzertu lasaiak, txalaparta emanaldi bereziak…

7.    …eta gauean… Salto Dantzara! Izateren kontzertua, erromeria Xeroxiette taldearekin eta sorpresa gehiago ere ez dira faltako!