1931-2011 Autodeterminazioa, gero eta argiago

EH ezkerretik eraikiz

1931n mugarri garrantzitsua ezarri zen. 1931ko apirilaren 18an izan zen autodeterminazio-eskubidearen lehen agerpen ofizial instituzionala, non eta Goierrin, Itsasondon, hain zuzen ere.

 

80 urte betetzen diren honetan, 2011n, Goierriko 18 Udal batzarretan erabakitzeko eskubidearen aldeko Igartzako Manifestua onartu dute, beste mugarri garrantzitsu bat jarriz.

Bi mugarri horien garrantzia azpimarratu nahian, Goierriko 18 alkatek agerraldia egingo dute apirilaren 18an (astelehena), eguerdiko 12:00etan, Itsasondoko plazan.

 

1931n Itsasondon onartu zen mozioa

Sesión del Ayuntamiento
Pleno para tomar posesión definitivamente de sus cargos
Día 18 de Abril de 1931

Asistencia
Sr. Alcalde Presidente, D. José Manuel Sarasola Zalacain
D. Luciano Aramburu Múgica, Primer Teniente de Alcalde
D. Francisco Mª Garmendia Garmendia, Regidor Síndico
D. José Fco. Otegui Urretavizcaya
D. José Vicente Sarasola Garmendia
D. Francisco Ibarguren Sempertegui
D. José Luis Arbilla Gainzarain

[…]
Y por último, puestos todos los Sres. Concejales de una misma conformidad, se acordó lo siguiente:
En este momento histórico en que
se ha desaparecido el régimen destructor de nuestra libertad política como nación, ante el hecho de la nueva estructuración del Estado Español, después de afirmar los derechos naturales e históricos que como tal Nación le corresponden, reclama como primer acto de auto-determinación del País Vasco la proclamación de la República Vasca confederada con las demás Repúblicas Ibéricas.
A tal fin significa su enérgico apoyo hacia quienes en tierra vasca pugnan por el cumplimiento de cuanto en este orden se estableció en el solemne pacto de Donostia, y piden que adoptado por la Corporación este acuerdo, se transmita inmediatamente al Presidente del Gobierno Provisional, y al Excmo. Sr. Gobernador de la República de Guipúzcoa.
Y no habiendo más asuntos que tratar se dio por terminada esta sesión...

Nazioen munduak antolatutako agerraldiari buruzko informazio gehiago.

 

Itsasondoko herri-aldizkarian, pasa den urtean, Mikel Aramendi itsasondoarrak idatzitako artikulua

 

1931ko apirilaren 18an, igandez, zazpi itsasondotar haiek (bat Altzagan jaioa izateak ezer gutxi aldatzen du kontua) Udalbatza berria osatzeko Kontzeju Zaharrean bildu zirenean, seguruenik izango zuten ekitaldiaren historikotasunaren sentipen apurtxo bat. Jakin jakingo zuten, behintzat, igarotako astea, aspalditik itxaron eta desiotakoa ez ezik, gerora luzaro gogoratu beharreko horietakoa zutela.

Aurreko astelehenean, apirilak 12, udal hauteskundeak egin ziren Itsasondon ere, aspaldiko partez; eta haietan irabazle izanak zilegitzen zituen igandeko kargu hartze ekitaldi hartarako.

Asteartean, Alfontso XIII.a erregeak Madriletik hanka egin zuenez, asteazkenean Errepublika aldarrikatzen zen Estatu osoan, eta behin behineko gobernu eta agintari berriek hartua zuten estatu aparatuaren kontrola.

Ostegunean, eta premiatasun horren barnean, Itsasondon ere bere karguaz jabetu zen Manuel Sarasola alkate hautatua.

Igandeko ekitaldiarekin eratzen zen, hala ere, formalki Udalbatza berria. Gizonezkoak (ezinbestez: emakumeek ez zuten botoa emateko eskubiderik; are gutxiago hautetsiak izateko), euskaldun hutsak eta adin bitartekoak ziren denak: bakarra zen 30 urtez azpikoa; 48 urte egitear izango zen zaharrena.

Testuinguru hartan, susma liteke ekitaldiaren amaieran, Udalbatzako kargutxo bakanak banatu eta gero, aho batez onartu zuten adierazpena -bere jatorrizko eran artikulu honen alboan doana- aparteko gogoeta edo ameskizun berezirik gabe onartu zutela. Zorionez, esan beharko da (bestela, hura aldarrikatu zutenek izango zutelako nahigabe gehiago, izan zituztenez gain), bost urte beranduago, frankisten garaipenaren ondoren aginteaz jabetu zirenek ere ez zioten jaramon berezirik egin agiriari, eta Udalaren akta biltegian egon da, historialari garaikideen zain.

Harroegiak izan gabe esan baitaiteke agiria historikoa dela, besteak beste gerora euskal politikagintzaren zutabeetako bat izango zena (eta dena: ikusi besterik ez dago) hizpidera ekarri zuelako ofizialki: autodeterminazioa. EAJren bitartez iritsia izango zen adierazpena Itsasondora, lau egun lehenago, Errepublika aldarrikatu zeneko egunean bertan Donostiako Udalbatzan jelkideen gutxiengoa osatzen zuten zinegotziek idatzi berbera aurkeztu baitzuten Gipuzkoako hiriburuan. Itsasondon, ordea, alkateak eta zinegotzi guztiek (haietako bi ez ziren orduan zuzenki nazionalistak; beste bostak bai) aho batez onartu zutenez, Donostian ez bezalako ofizialtasuna hartu zuen adierazpenak.

Autore identifikagaitza duen baina kontzeptu politiko oso landuak barneratzen dituen agiri hori astebete gogoangarri hartan EAJk egin bide zuen aggiornamento-aren adibide paregabea litzateke. Aintzakotzat hartu duten historialariek ere (De la Granja, 2008) ez dute hartaz aparteko hausnarketarik egin gaurdaino; baina, egun haietako prentsa jelkidean irakur daitezkeen beste ikuspegi batzuekiko aldeak deigarriak dira. Lehen monarkiarekiko indiferentzia nagusi zen lekuan, adibidez, euskal nazioaren askatasun politikoa suntsitu zuen erregimena zela esaten da; edota 1930eko abuztuaren 17ko Donostiako Itunean Kataluniarako hitzartutako autonomia eskatzen da Euskal Herrirako («proclamación de la República Vasca confederada con las demás Repúblicas Ibéricas», hitzez hitz), ondorengo urteetan gorpuztuko zen ildo autonomistaren aurrerapenean.

Baina, adierazpen haren beste osagaia, autodeterminazio eskubidearena, genuen hizketagai. Orain hitzetik hortzera eta edonon entzun daitekeen esamolde hori ez zen batere ohikoa sasoi hartan. Are gehiago, esan daiteke 1931-04-18ko Itsasondoko Udalbatzarraren adierazpenekoa dela kontzeptu politiko horrek euskal (eta agian espainiar) politikagintzan duen lehen agerpen ofizial instituzionala. Ordura arte, oso kasu bakanetan aurki zitekeen, beti ere urrutiko lurralde eta arazoei egotzita, hizkera informatiboan. Horrela, 1920 inguruan, Irlandaren autodeterminazio eskubidea (eta hari buruz britainiar laboristek hartu zuten jarrera) hizpide izan zen une batez. Eta handik urte batzuetara, Tacna eta Aricako auzian ere aipatu zen berriro.

Baina, gainerakoan, kontzeptu ezezaguna zen 1931ko Euskal Herrian. Bazen, bai, bere programan herri zapalduen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zuen talde bat: Alderdi Komunista. Baina, nekez pentsa daiteke Itsasondoko adierazpenak harekin zerikusirik zuenik. Garai hartako euskal abertzaletasunaren antipodetan zeuden komunistak, eta haien eragin politikoa hutsaren hurrengoa zen Euskal Herrian: mila bat militante ziren une hartan Espainia osoan, eta Bilbo aldean zuten taldetxora mugatzen zen bere presentzia euskal lurraldean; Gipuzkoan, artean, ez zen existitzen alderdia. Espainiar komunistek autodeterminazioaz zuten ikuspegia, bestalde, boltxebike sobietarren ildoaren kalkoa besterik ez zen, hala moduz ulertua, gainera. Zalantzarik gabe, beste iturburu batetik iritsia zen kontzeptu berria 1931ko jeltzale gipuzkoar eta itsasondotarrengana.

Germaniar jatorriko filosofian haurtzaro luzea igarota, XIX. mendearen amaieran hartu zuen izena (Selbstbestimmungsrecht alemanez, right of nations to self-determination ingelesez) eta izana Europako politikagintzan gerora “europar mundu garaikidea mugiarazi eta erauzi duen indarideiatako bat” izan den honek. XX. mendearen hastapenetako sozialdemokraziaren barne eztabaidagai mikatzenetako bat izan zen hari buruzko jarrera, austriar-hungariar eta errusiar inperioen baitan, bereziki.

Baina estatubatuar bat, Woodrow Wilson lehendakaria (1913-1921), izango zen benetan herrien autodeterminazio eskubidea ezagutarazi eta agenda politikora ekarri zuena. Lehen Mundu Gerraren kitamendurako hark proposatu (eta hein batean inposatu) zituen 14 puntuetako bosgarrenak bereziki lehenesten zuen inperio eta kolonien arteko auziak erabakitzeko orduan. Irlandaren independentziaren aldeko borrokan eragin zuzena edukiko zuen irizpide hark 1919tik aurrera.

Estatu espainolean, ordea, kontzeptu arrotza zen dozena bat urte geroago ere. Donostiako Itunaren ondotik, Rovira i Virgili kataluniarrak egin zizkion prentsan lehen aipamen ezagunak, orain ohikoa dugun esanahiarekin: “Los catalanistas republicanos han obtenido de las izquierdas españolas reunidas en San Sebastián el reconocimiento explícito y unánime del hecho catalán y la conformidad con el principio de la autodeterminación en el caso de Cataluña.” Arrasto horri jarraiki, 1931ko abuztuan bozkatu zen Nuriako Estatutuaren proiektuak ozenki aldarrikatzen zuen “el dret que té Catalunya, com a poble, a l’autodeterminació de la restauració de la unitat catalana en proclamar-se la República, i de l’estat de dret creat pels decrets de 21 d’abril i de 9 de maig d’aquest any”.

Baina, ordurako, Itsasondon behintzat, eskatuta zeuden beste horrenbeste.