Amiantoa, hiltzaile ixila

EH ezkerretik eraikiz

Azken aldian maiz entzun dugu Goierrin ere amianto hitza eta izan dugu eragiten duen gaitzaren berri. Baina zer da amiantoa? Zertan erabiltzen da? Zein ondorio ditu? Ba al da gaur egun oraindik arriskurik? Berri honetan oinarrizko informazioa eta Ordizian hilean behin edo bi hilean behin biltzen den ASVIAMIE elkarteko kide bati egindako elkarrizketa aurkituko dituzu.

Zer da amiantoa? Mineral naturalez osatutako zuntz bat da. Bost motatako amiantoa aurki daiteke izadian, baina kristolito izenekoa erabili du gizakiak gehien, eta hori da arriskutsuena.

Zertarako erabiltzen da? Hozberoari erraz eusten dio, eta nahiko merkea da. Europan asko erabili dute siderurgian, eraikuntzan, autogintzan eta etxetresna elektrikoen enpresetan. Aspaldion herrialde txiroei saltzen diete hauts pozoitsua.

Nor dago arriskuan? Inoiz lantokian amiantoa izan duen edonor. Zuntz horren erabilera guztiz debekatuta dago Euskal Herrian eta, orobat, Europako Batasunean. Orain hainbat lantokitatik eta kentzen hasi badira ere, leku askotan zegoen, eta langileek, gainera, ez zekiten ez amiantoa zer zer, ez zer kalte zekarren.

Ba al dago oraindik amiantorik? Hego Euskal Herrian 60, 70 eta 80. hamarkadetan inportatu zen gehien. Enpresek amiantoa erabiltzeari utzi badiote ere, oraindik arriskuan daude eraikin zaharrak eraisten lan egiten dutenak, eta lantegietan, bulegoetan, etxebizitzetan eta antzekoetan mantentze eta konponketa lanetan dabiltzanak. Igeltseroak, iturginak, arotzak, argiketariak, garbitzaileak, berogailu instalatzaileak eta halakoak.

Zer gaixotasun eragiten du? Asbestosia, mesotelioma eta, oro har, biriketako minbizia. Amiantoak orban modukoez betetzen ditu birikak, eta erretzailea izanez gero gaixotzeko arrisku askoz handiagoa da, adituen arabera.

Aipatutako urteetan amiantoarekin kontaktuan egon ziren langile asko daude orain kutsatuta. Batzuek gaixotasunak garatu dituzte eta garatuko dituzte eta beste batzuek jada zendu dira.  Ordizian bertan jada amiantoak eragindako gaixotasunekin (Asbestosis edo Mesotelioma minbiziarekin) hildako batzuk badira. Batzuk jubilatuak, baina baita lanean aktiboan zegoen jende gazteagoa ere.

Zeintzuk dira sintomak? Arnasa hartzeko arazoak eta biriketako odoljarioak, ororen gainetik. Amiantoak eragindako gaixotasun eta minbiziak mineralarekin kontaktuan egon eta 20,30,40 urte geroago agertu ohi direnez, esan dezakegu gaixotuen kopurua 2020 urte inguruan iritsiko dela puntu gorenera.

Norena da erantzunkizuna? Zer egin? Dokumentaturik dagoen lehenengo “asbestosi” (biriketako fibrosia) kasua 1906koa da, baina horren aurretik ere mundu osoko sendagile askok eta askok arrisku-alarma emana zuten.

1978an Europako Parlamentuak amiantoa erabiltzea kantzerigenoa zela adierazi zuen, baina industria eta finantza lobbyen presioen ondorioz estatu askok ez zuten inongo neurririk hartu. 90eko hamarkadan Europar Batasuneko herrialde gehienak amiantoa debekatzen hasi ziren. Suedian, adibidez, 1982an debekatu zuten. Espainiar Estatuan amiantoaren erabilera berandu debekatu zuten, 2002an, Suedian baino 20urte beranduago!!

Arazo potolo honen aurrean afektatu, senide eta sindikatuen errebindikazioak hor daude. Estatuek, Administrazioek, enpresa ekoizleek, inportatzaileek, babes neurriak hartu ez zituzten enpresek…, horiek denak dute erantzukizuna arazo honetan.

Lehenik, jende gehiago ez kutsatzeko neurriak hartu behar dira.

Bestalde, Europa Batasuneko hainbat gobernuk onartu dute erantzukizunaren zati bat badutela eta, adibidez Frantziako estatuan jada martxan daude biktimei kalte ordainak emateko fondoa, gaixotasun profesionalak errekonozitzeko eta errazteko sistemak, laguntza psikologikoa, langile kaltetuen zerrendak eta osasun zaintza...

Espainiako Estatua azkenetakoa izan zen Europan amiantoa debekatzen eta, zoritxarrez, azkenetakoa izango da kaltetuek eta sindikatuek eskatzen duten errebindikazioak onartzen.