Nafarroan ez da aberririk

EH ezkerretik eraikiz

Lauaxeta poetak 1522an Amaiurreko gazteluan izandako borroka oroituz eta hango gudarien omenez egindako poesia honela amaitzen du : Berrehun gudari oso sumin / gaztelu pean dagoz hilik / Ordutik hona -zenbat laino- / Nafarroan ez da aberririk. Nola ospa lezake Aberri Eguna aberririk ez duen herri batek? Non ospa lezake lurraldetasunik eta hiribururik ez duen herri batek? (Antton Valverderen kanta).

1512an Gaztelak Nafarroaren konkista militarrari ekin zion. Eta 1522an Amaiurren egin zuten nafar euskaldunek azken saioa gure aberria zapaltzaileengandik libratzeko. Ordutik, aberria galduta dugula dio Lauaxetak. Galduta izan dugu gure aberria estatu moduan antolatzeko eskubidea, baina gure aberria berreraikitzeko grina eta borondatea erakutsi dugu mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi.

Eta mende luze horietan zehar badira Euskal Herriaren historian hainbat eta hainbat data edota gertaera historiko esanguratsu, abertzale eta independentistok gogoan izan behar ditugunak. Horietako batzuk ospatzekoak ez badira ere, gogoan izatekoak dira, gure historiaren inguruko hausnarketa eta etorkizunerako independentziaren aldarrikapena uztartzeko aukera ematen digutelako. Gertaera horien artean ditugu aipatutako Nafarroaren konkista eta Gernikaren bonbardaketa, zanpaketa eta gure burujabetzaren deuseztapena adierazten duten bi gertakizun.

Horregatik, Independentistak Sareak deituta, aurtengo Aberri Eguna apirilaren 24ean Gernikan eta Baigorrin ospatuko da. Leloa, “Argi Berdea Independentziari” izango da, eta Euskal Herriak nazio gisa aitortu eta independentziarako, askatasunerako, duen eskubide demokratikoa errespetatzeko exijituko da.

Hain zuzen ere, 2012an beteko dira 75 urte Gernika bonbardatu zutenetik, eta 500 urte Nafarroa indarrez konkistatu zutenetik. Arrazoi horrengatik, aurtengo Aberri Eguna Gernikan ospatuko da, eta datorren urtekoa Iruñean, Nafar Erresumako eta Euskal Herriko hiriburua. Gainera, Aberri Egunaren egun berean, Baigorrin Nafarroaren Eguna ospatuko da eta nafar lurraldeen batasuna aldarrikatuko da. Horregatik, aukera polita izango dugu bi herrietan, Gernikan zein Baigorrin, Aberri Eguna ospatzeko.

Gure herriak bere buruaren jabe izan behar du eta aukerarik onena hautatuz, hau da, independentziaren bidez, bere estatua eraiki behar du. Horixe da iraganeko zama gainditzeko eta ezarritako kateetatik askatzeko bidea. Gainditu nahi dugun egoera ilunetik independentziaren argi berdera pasa behar dugu eta 2011-2012 zikloan Independentistak Sareak urratsak eman nahi ditu bide horretan. Gernikan eta Baigorrin ospatuko dugun Aberri Eguna urrats horietako bat da.

Beraz, badakizu, datorren apirilaren 24an, aukera paregabea izango dugu “Argi Berdea Independentziari” lelopean, euskal nazioaren aitortzarako eta independentziarako dugun eskubide demokratikoa errespetatzeko exijitzeko. Eta jakina, festa giroan, egun zoragarria pasatzeko.