Mugetan aske

Iritziak

Gauza bat ziur ez digutela kenduko. Eta hori, sentitzeko gaitasuna da. Gu gai gara.

 

Oraindik gai gara, etxeko alaba txikiak 10 urte espetxean daramatzan arren, astero etxean garbitu eta Euskal Herriko haizeak lehortutako galtzak koloretako poltsa haundi batean txukun-txukun sartu eta berak 500 kilometrora usaintzen dituenean, egingo duen irrifarreari etxetik erantzuteko.

Udazkeneko goiz batean Ataungo bideko zuhaitzetako hosto hori eta gorriak bildu, lehortzen utzi eta horrekin, liburuetako horrialdeak markatzeko kartulinatxo bat egiteko. Ondoren, “centro penitenciario” ipintzen duen sobre batean sartu eta remitean irrifartxo bat bakarrik marrazturik bidaltzeko. Berak hori ikustean etxeko goxotasuna jasoko duelako esperantzarekin.

Gai gara, seme hilaren argazkia ikusi eta oraindik goizetan “egun on amatxito!” nola esaten zuen eta bere lo aurpegia gogoratzeko. Ondoren nola hil zuten bigogoratzeko eta gorrotorik ez sentitzeko. Bat gehiago ez mesedez... xuxurlatuz.

Gai gara, egunero, egunero postontzia bi aldiz begiratzera joateko ea zure poemaren bat, marrazkirenbat edo “kuku”renbat iritsi den begiratzera. Eta iristen bada, hilabete eta erdi  iristen iraun duen arren, kartzeleroekin ez haserretzeko eta pozaren pozez dantzan hasteko.

Gai gara, 31 urte espetxean igaro ostean, diren arrazoi guztiak medio, horrela esateko: “Zornotzara iritsi eta gurasoak besarkatzea da uneotan gehien desiratzen dudana”.

Horregatik, maitatzeko eta goxatzeko gaitasuna oraindik galdu ez dugulako, min handia sentitzeko ere bagara gai...

Amaia edo Bea guardia zibilak nola bortxatu zituen irakurtzean, aluan mina sentitu dugu.

Txakurrek golpatzen zintuzten bitartean sabelean zeramazun haurrarengan pentsatzean eta gizatasuna benetan existitzen ote den geure buruari galdetzean, bihotzeko mina sentitu dugu.

Torturatzen zintuzten bitartean, zeure buruaz beste egiterainoko sentimendua zer den ezagutzen ari zinen momentuetan, nola edo hala bidali nahi genizun besarkadaren berotasuna iritsiko zitzaizunaren esperantza minbera izan dugu.

Alde egin behar izan zenutela horrenbeste denbora pasa delako eta inoiz itzuli ahal izango zareten inork ez dakigulako mina sentitzen dugu.

Kristal baten ostean 40 minutu laburrez zure azala usaindu gabe ikustean eta irtetean eskutik heldu eta gurekin ekar ezin zaitugula jakitean...

Beti saiatu izan dira min gehien ematen duen tokian jotzen, sentimenduetan. Saiatu dira sentimendu negatiboak eragiten, eta gehiegi eragin dituzte... duela 30 urte hil zuten anaiaren heriotza oraindik ez gainditu izana hor geratuko da, arrebaren gorpua non dagoen agian inoiz ez dugu jakingo, osaba agian noiz gehiago ez da Txindokira igoko, bizitzatik kendutako 5 urteak inork ez dizkizu inork itzuliko... horrek suposatzen duen guztiarekin.

Baina sentimentu positiboak sortzeko gaitasuna oraindik ez digute kendu. Burugogorrak garelako eta batez, ere elkar maite dugulako. Eurek jartzen dizkiguten muga motek ezingo digute inoiz hori kendu...maite ditugun irrifarreak zaintzen jarraitu behar ditugula ezin dugu ahaztu.

Inok agintzen ez didalako
dut maite
maite dudana.
Inork agintzen ez didalako
ditut basamortua eta izarlokak maite.

Itsasontzi noragabeak, gauerdiko biolinak
ilunabarren margoa, xorino hezurttoen higidura,
sagarrondoetan eskegiriko bihotz horik,
tristura handiegia zaien neskatxak
eta zure irria, zure irria ere
inork agintzen ez didalako
dut maite.


Joseba Sarrionandia

 

 

(Irakurri "Askatasunean preso")