Erdi Aroko azoka Ordizian, izana berreskuratzeko garaia

Ordizian bertan

Erdi Aroak bereizgarri berberak izan al zituen toki guztietan? Gauza bera izan al zen Erdi Aroa Carcassonen, Toledon, Besalun edo Ordizian? Egoera sozial, kultural eta politiko berdinak al ziren Europa osoan?

Erdi Aroak garai historiko moduan izan ditu hainbat bereizgarri komun Europa osoan, baina zalantzarik ez da Euskal Herrian eta Ordizian bertan garai horretan bazirela hainbat ezaugarri hemen bakarrik ematen zirenak. Orduan, gure Ordizian eta inguruko beste hainbat herritan, zergatik azaltzen da Erdi Aroaren irudi estandar bat hainbat kontutan gure errealitatetik oso urrun dagoena?

Zalantza horiek buruan, Jentilbaratza 1512-2012 izenarekin lagun talde bat elkartu gara honako helburu honekin: Erdi Aroaren ferian euskal kultura txertatzea eta Euskal Herriak garai hartan bizi zuen egoera sozial eta politikoa ezagutaraztea. Asmo horrek indar berezia hartzen du 2012an, urte horretan beteko direlako 500 urte Gaztelak Nafarroako erreinua armaz konkistatzeari ekin zionetik, eta ezin dugulako ahaztu ordiziarrok ere kulturalki euskaldunak eta herritartasun aldetik nafarrak garela.